Arrate Illaro eta Iker Martinez de Lagos
BAT aldizkaria. 107 EUSKALTZALETASUNAREN AKTIBAZIOA (II)

(egokitua)

BERRIKUNTZA

Hamaika eguneko ariketa sozialak norbanakoen hizkuntza-ohituretan eragitea du xede, lehenago esan bezala. Baina herritarrek borondatez inertziak apurtzea askoz errazagoa da kanpoko faktoreen laguntza baldin badute. Hori dela eta, Euskaraldiak (lehenago martxan egon diren ekimenek bezala) berrikuntza eragin nahi du egiteko moduetan, harremanak izateko moduetan eta uste kolektiboetan.

Egiteko modu berri bat

Lehenago ere aipatu dugu euskararen normalizazioak urrats esanguratsuak behar dituela, eta indarrak batzeko premia dagoela. Horregatik egin dugu elkarlanean aritzeko apustua, sinestuta helmuga konpartitzeak baduela behar beste indar eta garrantzia. Horrek ez du esan nahi erraza denik, hizkuntza-ohituretan bezala, egiteko moduetan ere nork bere inertziak dituelako eta elkarlanak konfiantza esparru egoki bat eskatzen duelako, etengabe landu beharrekoa.

Helburu zehatz baten bueltan elkarlanean aritzeak, ordea, ez du esan nahi eragile bakoitzak bere egitekoak eta funtzio propioak ez dituenik. Garrantzitsua da batak bestearen funtzioak aitortzea, elkarrekin eraikitzea, erabakiak kontsentsuz hartzea, aldeen autonomia zaintzea eta elkarlan eremu horretatik kanpo dauden zereginak errespetatzea

Euskaraldia lantzen ari garen eragileok argi dugu elkarlanarekin galtzeko baino gehiago dugula irabazteko. Erakunde publikoek baliabideak eta jende multzo handi batengana heltzeko gaitasuna dute. Euskalgintzako gizarte eragileek ere, gizartean eragin eta motore izateko funtzioa dute. Eta, aurrekoaz gain, euskararekiko ardura duten bestelako entitateen beharra ere badugu. Ahaleginak partekatuta izan behar du, erantzukizuna ere halakoa delako. Baina herritarrak jarri behar ditugu zentroan, euskaltzale norbanakoak baitira euskaraz bizitzeko beharra, gogoa eta borondatea dituztenak.

 

Harremanak izateko modu berri bat

Ulertzen duen edozeinekin euskaraz egin dezakegula erabakitzen badugu, elkarrizketa eredu berri bati irekitzen diogu atea. Elkarrizketa elebidunek aukera ematen diete ahobizi denari euskaraz egiteko eta belarriprest denari euskara jasotzeko. Euskaraz aritzeko tartea bikoizten da nolabait batarentzat zein bestearentzat. Tarte laburretarako baliagarriak dira elkarrizketa asimetrrikoak, baina ahalegin handia eskatzen dute harreman luzeetan, deserosoak baitira. Hala ere, euskarari dagokionez interesgarria da hori. Lasarte-Oriako ikerketaren emaitzak azaltzen duenez, bertako esperientzian, belarriprest zirenen %90ak euskaraz erantzuteko joera zuen ahobizi batek euskaraz hitz egiten zienean.

Horrelako praktikatan elkarrizketa elebakarretik elebidunera jauzia egiten denean, erdaratik erdara/euskarara egiten da aldaketa. Balantzak orekatzeko joera hartzen badu, oreka hori erdarara zein euskarara izan daiteke. Eta aukera hori ez zegoen bi kideak elkarrekin erdaraz ari zirenean.

Edonola ere, elkarrizketa asimetrikoak probokatzeko bi kide edo jende multzo behar dira: urratzailea (ahobizi) eta babeslea (belarriprest). Lehen kideak aldaketa egitean bigarrenaren babesa badu, nolabaiteko adostasuna badago, erosoago eta seguruago emango du urratsa, etengabe korrontearen kontrako borrokan aritu gabe.

Pentsatzeko modu berri bat

Gizartean errotuta dauden usteetan eragitea da atal honetako azken berritasuna. Pello Jauregik Irten Armairutik dinamikako uste teorikoetan jaso zuenez, “erdarazko jokaera ohikoa den harreman batean, euskaraz aritzea ohitura-araulege inplizitu baten haustura eta urradura da”. Hasieran arrotza, deserosoa izango dena arau sozial bihurtzeko ariketa ere bada Euskaraldia; txip aldaketa probokatzea. Nola, baina?

  • Hamaika eguneko ahalduntze kolektiboan ulertzen dutenei beldurrik eta kezkarik gabe euskaraz egiteko urratsa emanda. “Nik euskaraz egingo dut, zuk egizu nahi duzun bezala, lasai”.
  • Euskaraz egin nahi dutenek gainontzeko herritarren babesa eta adostasuna dituztela azaleratuta. “Niri egidazu euskaraz hala nahi baduzu, ulertzen dizut eta”.
  • Badaezbada gazteleraz egingo diot” bezalako usteek lekurik eta beharrik ez dutela kontatuta.
  • Parte hartzaileek, egitera doazena gertuko kideei aldez aurretik kontatuta. Inguruan bakoitzaren mikrodiskurtsoa zabalduta, euskaraz aritzeko arrazoiak eta diskurtsoak asko dira eta.
  • Taldean eginda: Euskal Herri osoan eta elkarrekin. Herritar askok beren egunerokoan jadanik egiten duten ahalegin hori batu eta indartuta.

Helburua ez da, hala ere, euskararen erabilera praktikan ahobizi eta izan nahi duten horien erantzukizuna izatea. Kontrakoa da: erantzukizun hori euskaraz aritzen ez direnekin partekatzea, eta lehenen motxila arintzea. Norberak euskaraz egiteko ez da beharrezkoa parekoa ere euskaraz aritzea, ahobizi izatea; nahikoa da ulertzea.