Euskarak 365 egun: inertziak apurtzeko ekintzailetza (219. Karrika)

gaia72504Hilabete honetako Karrikan, Euskaraldiaren harira Iker Martinez de Lagosek (Euskaltzaleen TopaguneaEuskonews webgunean idatzitako artikulua jaso dugu.

Ekintzaile herria da Euskal Herria eta ekintzaile tradizio luzekoa da euskaldunon hizkuntza komunitatea ere. Metatu dugun jakintza eta komunitate aktiboaren ekinak lortu du gaur egun duela hamarkada batzuk pentsaezina zen egoera batean egotea. Gizarte ekimenak eta ekimen horrek bultzatutako era guztietako erakunde eta eragileen konpromisoek euskara eta euskaldunon komunitatea, biziraupenean baino, garapen prozesuan sartzea lortu du.

Aldaketa garai hauetan, komunitate modura garatzeko oinarrizko osagai izan diren ekintzailetza, gizarte ahalduntzea eta eraikuntza kolektiboa aldarrikatu eta beren funtzioak bizirik dirauela azaltzeko momentua da.

Errelatoen gerran ezezik, terminologiaren ehizean ere murgilduta gauden garaiotan, ekintzailetza bera, ehizaki bihurtu zaigu azken urteotan. Komunikabide, jardunaldi eta konferentziek ekintzailetzaren gaineko irudi bakar eta hegemonizatzailea zabaltzen dihardute, arrakasta sozial eta ekonomikoa bilatzen duen sasi-heroiaren irudia. Ekintzaile mainstream horren aurrean, gurean auzolanari eta eskuzabaltasunari lotuta egon izan da ekintzailearen jarduna. Norberaren sinesmen sisteman eta amestutako gizarte ereduan ekarpena egiten duten ekintzaileak dira gizartea mobilizatu dutenak urtetan. Eta joandako garaien nostalgian bizi diren iritzien aurrean, egun ere, euskaltzaleak bide-urratzaile direla sendo azaldu beharra dago. Bilakaera izaten ari den figura da, baina ekintzailetzak jarraitzen du komunitatearen garapenerako berme izaten.

Gizartean aldaketa fase batean gaude, eta militantzia ereduak bezala, beste hainbat aspektu jarri dira ezbaian azkeneko urteotan. Arlo ekonomiko zein sozio-politikoan egondako aldaketek eta 50 urtetako ziklo luze batek utzitako lorpen eta frustrazioek, esparru askotan hausnarketa sakonak egitera ekarri ditu gizarte eragileak, baita euskararen biziberritzean ari garenok ere.

Berrikasi eta Berrikusi

Kontestu horretan sortu zuen Topalabea taldeak Berrikasi eta Berrikusi dokumentua (2015eko maiatzean argitaratua), gogoetarako ekarpen bat egin nahian eta bi norabidetako irakurketa proposatzen: atzerakoa, batetik, 50 urteko ziklo baten hizkuntza komunitate artikulatuaren ibilbideari irakurketa (auto)kritiko bat eginez, eta aurrerakoa, bestetik, ziklo aldaketa batean murgilduta, biziberritzerako zutabe izan daitezkeen zazpi lan-ildo proposatuz.

Testuingurua berreskuratze aldera, 2012an euskalgintzan ziklo baten bukaeraz hitz egiten hasi zela gogoan izan behar da. Uda horretan aurkeztu ziren aurreko urtean egindako euskararen osasunaren gaineko bi ikerketa garrantzitsuren emaitzak: V. inkesta soziolinguistikoaren eta Hizkuntzen Kale Erabileraren VI. Neurketaren emaitzak. Azken urteotako sentsazio batzuei (biziberritzean geldialdia gertatu izanaren sentsazioa, besteak beste) zenbakiak eta datuak jarri zitzaizkion eta euskararen gizarte erakundeen artean gogoeta garaia hasi zen. Euskaltzaleen Topaguneak, herriz herriko euskaltzaleen elkarteen mugimenduak, lehen kongresua egin berria zuen eta ondoren etorri ziren hainbat eragileren gogoetak ere.

Topagunetik soziolinguistikaren arloan ibilbide luzeko pertsona batzuk biltzeko gonbitea egin, eta egoeraren analisian hainbat elementu partekatzen zirela ikusita, taldea egonkortzen joan zen, Topalabe taldea osatu arte.

Gogoeta eragile izateko bokazioarekin jaio zen Berrikasi eta Berrikusi txostena, eztabaida sortu eta lan-ildo berriak eta berrituak aktibatu edo berraktibatzeko helburuarekin. Gogoetaren oinarria honakoa: 50 urte iraun duen euskalgintzaren ziklo baten bukaeran gaude, lorpen ugari izan dituen zikloa, baina amesten genuen egoera ekarri ez duena, eta gaurtik begiratuta, gabeziak ere izan dituena. Ziklo aldaketan nolabaiteko bidegurutze batean egonik, etorkizunean euskararen biziberritzea bizkortzeko edo eteteko aukera egon daiteke. Gure iritziz, aukera modura baliatu daitezkeen elementu asko daude, eta behar bezala aktibatuz gero, ziklo berri indartsu baterako palanka funtzioa bete dezaketen lan-ildo batzuk daude. Horiek izan ziren, hain zuzen ere, Berrikasi eta Berrikusi dokumentuan xehetutako zazpi lan-ildoak.

Gogoetaren aurkezpena egitean, batean eta bestean jasotako iritziak aintzat hartuz, egoeraren analisiaren eta hurrengo urteetarako norabideen gaineko proposamenaren bueltan nahikoa adostasun ikusi izan dugu. Eta batez ere, galdera bat: analisia konpartitzetik eta lan-ildoen gaineko adostasunetik harantzago, zeintzuk dira hurrengo urrats praktikoak?

Euskarak 365 egun dinamika eta Euskaraldia 365_logoa

Ziklo berriak gogoeta estrategikoez gain, bidegurutzetik ateratzeko palankei eragitea eskatzen du, hausnarketatik ekintzara pasatzea. Hortxe kokatzen da Euskaraldia ekimena. Lehenagotik euskaltzaleen mugimendutik zetorren dinamika baten bilakaeraren ondorio izan da 2017an aurkeztutako proposamena, eta garai berrietarako giltzarri diren elementuetako batzuk biltzen ditu, gure iritziz, bere baitan: eragile arteko elkarlan praktikoa (gizarte eragile eta erakunde publikoen artekoa, euskalgintza eta beste sektore batzuen artekoa,…), erabileran eragiteko proposamen zehatza, diskurtso berri baten elementuak, aldekotasun sinbolikotik harantzago doazen urrats eta lorpenak eta euskaltzaleen artean ilusioa eta aktibazioa sortzeko potentzialtasuna.

Inertziak apurtzeko garaia dela azpimarratu izan dugu azken hilabeteotan behin eta berriro eta bide horretan ekarpena egin nahi duen proposamena da. Ez da hizkuntzaren biziberritzea modu integralean landuko duen ekimena, ezta beste proposamen edo iniziatiba batzuk ordezkatuko dituena ere. Arlo zehatz batean (erabileran) ekarpena egiteko proposatutako arnas luzeko dinamika da, ekintzan zein antolatzeko moduan berritzailea izan nahi duena.

Inertziak apurtzeko beharrari erantzunez, bi norabidetan egin nahi du ekarpena dinamikak. Hizkuntza praktika eraldatzaileak bultzatuz, norbanakoen arteko hizkuntza ohituretan eragin nahi dugu. Bestalde, eragile arteko zubiak sortu eta antolaketa prozesuan, elkarlan dinamika eredugarriak Euskal Herri osora zabaldu nahi ditugu.

Euskaraldia, hizkuntza ohituretan eragiteko

gaia72504_022018 urterako proposatutako Euskaraldia ekimena ez da berria. Azken bi urteotan Euskal Herriko zenbait herritan martxan jarritako ekintzak ditu oinarri modura. Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Lasarte-Orian, Arrigorriagan, Hernanin edo Zuiako kuadrillan egin dituzte antzerako ekimenak, besteak beste. Oinarri itxuran sinple batetik abiatu dira aipatutako guztiak. Euskal hiztun batzuek (ahobizi) epe jakin batean (aste bete, hamar egun edo 75 ordu) ahal duten egoera guztietan euskara erabiltzeko erabakia hartzen dute, euskara ulertzeko gai diren lagunekin euskarari eutsiz, eta ezagutzen ez dituzten guztiekin lehen hitza gutxienez euskaraz eginez (eta ulertuz gero, ondorengoak ere). Era berean, euskara ulertzeko gaitasuna duten lagun batzuek (belarriprest), epe jakin horretan, euskaldun guztiei gonbidapena egiten diete beraiei euskaraz egin diezaieten (eta horretarako, ikur bat daramate, euskaldun guztiei gonbidapen hori egiteko).

Oinarri horrekin, pertsonen artean denboran sortu eta egonkortu diren hizkuntza ohiturak apurtzeko eta aldatzeko dinamika da bultzatu dena. Ezaugarri interesgarriak ditu Euskaraldiak: praktika eraldatzailea da (ohitura aldaketa bat bultzatzen du, ez da sinbolikoa), hiztunen hurbileko eta ohiko harremanetan eragitea du xede eta norbanakoaren erabakia kolektiboaren babesarekin bultzatzen du (ez da hiztun batek egun batean berak bakarrik hartzen duen portaera bat, herritar talde batek egiten du, identifikatuta eta babestuta).

Herriz herri hedatzen ari den ekimena 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan, denok batera, egitea da maiatzean proposatu genuena eta gaur egun bete-betean lantzen ari garena. Auzo edo herri bakoitzean izandako eragina zabaldu eta komunitatearen babes osoarekin milaka lagunek batera martxan jartzea da gure gogoa, hizkuntza praktika eraldatzaileak zabaldu eta hizkuntza ohituren aldaketak probokatzeko. Jadanik 40 herri eta eskualdetan lantzen ari dira ekimenok eta datorren urtean ahalik eta herri gehienetara heldu nahi dugu.

Hizkuntzaren erabileran faktore askok eragiten dute. Euskaraldiaren bidez, horietako batean (hizkuntza ohituratan) eragin nahi dugu. Orain arteko esperientziek gauza on asko utzi dituzte martxan jarritako herrietan parte hartze, motibazio, oihartzun eta eraginari begiratzen badiogu. Horietako batean gainera (Lasarte-Orian egindako 40 ordu euskaraz ekimenean) partaideekin ikerketa sakona egin da; ondorioa, hizkuntza ohituretan eragin nabarmena izan duela. Euskal Herrian elkarrekin egingo dugun ekimenean ikertzen jarraitu nahi dugu.

Hizkuntza praktikak eta ohiturak baina, ez dira hiztunen hautu kontua bakarrik. Orain arteko ekimenak norbanakoen motibazioan oinarritu badira ere, testuinguruan eragitea garrantzitsua dela ikusi dugu eta horregatik, Euskaraldiak bigarren eremu bat izango du xede: era guztietako entitateek euskarazko hizkuntza praktikak babestu eta bultzatzeko neurriak bultzatzea. Hiztunen arteko harremanak era guztietako entitateen eragin eremuetan gertatzen dira sarri: enpresak, administrazio publikoa, era guztietako elkarteak (kirol, kultur, gastronomiko, sektorial,…), merkataritza eta beste. Erakunde hauek beren arau, funtzionamendu modu eta ohiturekin, euskarazko praktika linguistikoak erraztu, babestu edo oztopatu ditzakete. Babes-neurriak bultzatu, hedatu eta bisibilizatzea izango da Euskaraldia ekimenaren bigarren urteko helburu nagusia. 2019an beraz, praktika eredugarriak sortu eta zabaltzeko ekimena proposatuko dugu.

gaia72504_03Zubigintza da bidea

Berrikasi eta Berrikusi gogoetan egindako atzera begirakoan azpimarratzen genuen ideietako bat berreskuratu behar dugu, dinamika antolatzeko hartu dugun eredua azaltzeko. Eten garaietatik gatoz, hizkuntza politika eta plangintzen inguruan etenak nagusi izan diren garaietatik. Euskaltzaleen mugimenduaren sorreratik zubigintza aldarrikapen eta praktika izan ditugu eta gaur egun, ideia horiek berreskuratzeko behar eta aukera handia dagoela uste dugu.

Euskaraldia hau martxan jartzeko orduan gizarte mugimendu batek (Euskaltzaleen Topaguneak) eta erakunde publiko batek (Eusko Jaurlaritzak) hartu dugu aitzindaritza, baina hasieratik oso garbi adierazi da, dinamika kolektiboa izateko jaio dela eta ekimenera batu nahi ditugula Euskal Herri osoko entitateak (zazpi lurraldeetako eragile eta erakundeak), izaera ezberdinekoak (euskalgintzakoak bestelako gizarte eragileak, erakunde publikoak eta sektore pribatukoak ere). Euskal Herri mailan bultzatzen ari garen eredu hau, gainera, herri bakoitzeko dinamikan erreproduzitu nahi genuke, antolakuntza ereduan ere, ekarpen bat eginez.

Herriz herri batzorde eragileak osatzen hasiak dira jadanik, eta herri batzuetan eragile arteko harremanarena ohiturazko lan dinamika naturala bada ere, badago inertziak apurtzeko beharra oraindik.

Ekintzaileak, hizkuntzaren aktibistak

Artikulua hasi modura bukatu nahi nuke. Euskal gizartearen eta euskalgintzaren kapital handietako bat da ekintzaileena, aktibista antolatuena. Hainbeste krisialdi batera elkartu zaizkigun garaiotan, kontzeptuen berdefinizioak etengabeak direnean eta ekintzailearen irudia garapen pertsonalari hain lotua agertu nahi den honetan, gure gizartearen balore garrantzitsua aldarrikatu nahi dugu: auzolana, eraldaketa sozialean beren ekarpen eskuzabala egiten duten pertsona eta kolektiboen lana.

Euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat hurrengo hamarraldietan ekintzaile talde horien ekarpena nahitaezkoa izango da. Eta horretan pribilegiatuak gara, helburu ilusionagarriak eta ekimen berriak uztartzen ditugunean asko baikara horrelakoetara biltzen garenak. Ekintzailetza bizirik dago, edukia ematen asmatzen den bakoitzean argi ikusten den moduan.

Euskalgintzatik asko eta askotarikoak izaten dira proposamenak eta horietako bat da Euskaraldia, herriz-herri hedatzen doana eta Euskal Herri osoan aldi berean eragin nahi duena. Eta eragin diogu, aldaketak probokatzera bideratutako dinamika delako proposatutakoa: hurbileko harreman guneetan ezarrita ditugun hizkuntza-ohiturak arrakalatu eta hizkuntza praktika berriak sortzera bideratutakoak. Ekintzaileen, hizkuntza aktibisten, eragin ahalmena handia da eta indar hori baliatu behar dugu hiztunak aktibatu eta erabilera ohituretan salto kualitatiboa emateko.

Iturria: Euskonews

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>