Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak ikerketa (Jone Goirigolzarri, Argia)

jone-irekitzekoEuskaldun zaharra eta euskaldun berria etiketak gainditzeari buruz hasi dugu solasaldia Jone Goirigolzarri soziologoarekin (Getxo, Bizkaia, 1984). Deustuko Unibertsitateko irakaslea da Goirigolzarri, eta Ane Ortega, Estibaliz Amorrortu eta Jacqueline Urlarekin batera, Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak ikerketa egin du. Orain arte azterketa sakonik egin ez dela eta, hiztun berrien errealitatera urreratu gura izan dute.

 

Ikerketan “hiztun berria” terminoa darabilzue, eta “euskaldun berri”ren karga negatiboa plazaratu duzue.

Bai, hiztun berrien artean aniztasun handia dago, eta denentzat ez du balio “euskaldun berri” berbak. Horrez gain, etiketen atzean legitimazio kontu bat dagoela konturatu gara. Esaterako, Lekeition bizi eta nahiz eta familia erdalduna izan egunero euskara erabiltzen duena, bere buruari euskaldun etiketa jartzeko legitimatua sentituko da. Bestalde, euskaldun berritzat daukate euren burua gaitasun maila txikia dutenek, erdaraz pentsatzen dutenek, euskara gutxi erabiltzen dutenek… zer edo zer falta dutenaren diskurtsoa dutenek. Euskaltegiko irakasle batek esan zigun euskaltegian aspaldi utzi ziotela termino hori erabiltzeari, euskaldunak dira denak. Zentzua dauka; bakoitza bere gaitasunekin, bere erara, euskalduna da, euskaraz berba egiteko gai delako.

Batzuentzat frustrazio handiko prozesua izan ohi da, ezta?

Hiztun berri batzuek euren burua asko zigortzen dute. Egunerokoan euskaraz egiten duten askok esaten dute, “nik oraindik asko daukat ikasteko” . Euskaldun zaharra ez zarenez, beti ikasi behar duzu gehiago.

Desberdina izango da testuinguru oso euskaldunean edo erdaldunean bizitzea.

Helduaroko ikasketa prozesua laburragoa izaten da herri euskaldunetan, inguruak lagundu egiten duelako. Herri erdaldunetan kontrakoa gertatzen da. Ikasketa prozesu guztia euskaltegian egin baduzu, amaitzen duzunean akabo. Ez daukazu euskara erabiltzeko esparrurik, eta atzerapauso eta aurrerapausoen ziklo etengabea izan dezakezu; euskaltegian izena eman, eta aurrera; utzi, eta atzera; gero berriro izena eman…  Egoera horrek frustrazio handia eragiten du.

Azterketek ere eragina dute ezinegon horretan?

Euskaltegietako jarduna azterketara begira badago, euskararen erabilerari behar besteko garrantzia ez emateko arriskua dago. Orain mahai gainean dago azterketa eredua aldatzearen eztabaida; buelta bat eman behar zaio, argi eta garbi. Gurean zuzentasunari garrantzi handia eman zaio, eta bide horretan hiztun pilo bat galdu dugula uste dut, pentsatzen dutelako ez direla gai hain ondo egiteko.

Gizartean behar beste aitortu da hiztun berrien ahalegina?

Kanpainak egiten dira, baina uste dut diskurtso indartsua sortu behar dugula hiztun horiei balioa emateko, eta diskurtso horrekin gizartea bonbardatu. Horrekin batera, erabiltzeko aukerak sortu behar dira modu masiboan; ez baduzu euskara erabiltzeko espaziorik, diskurtsoek ez dute ezertarako balio.

Ideologian eragin eta espazioak sortu…

Nire ustez, normalizaziorako bigarren fase indartsu bat behar dugu, modu masiboan egitekoa. Hezkuntza arloan, adibidez, apustu oso handia egin zen D ereduaren alde, baina hor geratu da. Umeentzako aisialdi jarduera piloa oraindino gaztelaniaz egitea drama bat da. Uste dut apustua egin behar dela benetan umeek eduki dezaten aukera eskolaz kanpo euskaraz bizitzeko. Lanbide Heziketan ere garrantzitsua litzateke praktiken tutoreak praktikak euskaraz egitera konprometitzea; euskara lantegian barneratzen hasteko modua izan daiteke. Egoera non irauli behar den ikusi, eta plangintza oso bat behar dugu; horretan inbertsio handia egin behar da.

Bestalde, hizkuntza politikan garrantzitsua izango da lekuan lekuko errealitateak kontuan hartzea. Adibidez, orain ardura berezia sortu du arnasguneetako euskararen atzerakadak. Ardura logikoa da, baina beste inguruneetako joerei ezin diegu atea itxi. Arnasgune bateko herritarrentzat euskara erabiltzen ez duen pertsona ez da euskalduna. Gu kontrakoa esaten ari gara; nahiz eta gutxi erabili, sentitu zaitez euskaldun, sentimendu horretatik hasi ahalko zara-eta gehiago erabiltzen. Garrantzitsua da, euskara ondo egiten ez badute ere, hiztunak legitimatzea. Batzuentzat galera dena, besteentzat irabazia da. Hizkuntza politika herri eta eskualde desberdinetako errealitateetara egokitu behar da.

Gazteei dagokienez, ikerketan hiztun mota berriak sortu direla diozue: murgiltze ereduan euskaldundu direnak edo ama hizkuntza euskara batua dutenak.

Gure imajinarioa aldatu beharko dugu; Barakaldon ere badaude euskaldun zaharrak. Gazte horientzat agian euskalkia ez da inportantea, euren herrian ez dagoelako aldaera berezirik, baina bai kaleko hizkera. Oso garrantzitsua da hizkuntza informala lantzea, eta horretarako eskolaz kanpoko jardueretan egin beharko da lana. Gazteek ikusten badute euskarak balio diela Frantziako Iraultza kontatzeko, baina lagun artean mugatuta sentitzen badira, hor galduko dute euskara.

Ondorioztatu dugu, baita ere, euskaraz ez egiteko arrazoi nagusia ohitura falta dela. Bada, ohiturak aldatzeko jarrera proaktiboa behar da, eta jarrera hori ez da behar beste sustatzen. Are gehiago, inposizioaren diskurtsoa agertu dute gazteek ikerketan; euskara murgiltze ereduan ikasi duten gazte batzuek sentitu dute, eurek familia erdaldunetakoak izanik, inposatu egin zaiela euskara. Oso kontu handiarekin ibili behar gara.

Motibaziorako zer tresna izan daitezke eraginkorrak?

Euskal kultura kontsumitzea, adibidez; irratia euskaraz entzutea, telebista euskaraz ikustea, antzezlan bat euskaraz ikustea… Horrela, astiro-astiro komunitatearekin lotura sortzen da. Horretarako ere barietatea egon behar da. Gorka Salcesek euskarazko komunikabideen inguruko bere tesian, besteak beste, esaten du Gaztea irratia oso garrantzitsua dela, haren bidez euskararekin loturarik ez duten gazte askok euskara entzuten dutelako. Batzuetan badugu joera pentsatzeko euskal kultura izan behar dela garbia, kultua, maila batekoa… hori ere egon behar da, baina normalizazioaren erakusgarri izango da horrekin batera kultura erraza eta telezaborra ere egotea.

Gazteek dibertigarriak eta esanguratsuak diren gauzak euskaraz egiteko aukerak eduki behar dituzte, baina horretarako sortu egin behar dira aukera horiek. Ezin duzu esan “euskara erakargarria izan behar da” eta hori lortzeko jarduerarik ez sustatu.

Gai honi buruz behar adina berba egiten dugu?

Orain soziolinguistikan eta soziologia arloan emozioen gaia lantzen hasi gara. Zelan sentitzen garen jakiteak klabe asko emango dizkigu. Ikerketan ere igarri dugu jendeak eskertzen duela espazio bat edukitzea gai horiez berba egiteko; deskubritu zenezake beste batzuk zure moduan sentitzen direla, edo beste modu batzuk daudela sentitzeko. Enpatia lantzeko beharrezkoa da gaiaz berba egitea.

Iturria: Argia ( 2017ko urtarrilaren 29a)


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>