Euskaltzale apolitiko histerizatuei kritika (Hizkuntza eta politika)

Euskaltzale apolitiko histerizatuei kritika (Hizkuntza eta politika)
Imanol Galfarsoro
http://basque.criticalstew.org

Zelan eman diezaiokegu berriz ere zentzua euskalduntasun hitzari? By Mitxelko • Mar 12th, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak
Azken aldian jardunaldi, mintegi zein blogetan pil-pilean dagoen eztabaida dugu euskalduntasunarena; eta, noski, estreinu honetan ezin zaio muzin egin gaiari – gaiak erakarri eta erotu bezain beste aspertzen nauenean –. Baina, tira, zerk egiten gaitu euskaldun? Zer da euskalduna izatea? Zer da euskalduntasuna – euskalduntasunik egotekotan –? galdetu beharra dago, horrez gero; eta, nire buruari galderak jaurtitzen dizkiodan bakoitzean erantzun posible askorekin topatzen naiz: arraza, lurra, nazioa, historia, hizkuntza, kultura, herri-nahia, etab. – batzuk, noski, berehala baztertuak direlarik –. Baina ebazten saiatzen naizen bakoitzean, hariren batetik tiratzen dudanean, korapiloa sendoagoa egiten da. Beste hari batetik tiratzen dut orduan, baina ondorioa bera da. Orduantxe konturatzen naiz euskalduntasunak – edo, hobe esanda, euskalduntasunek – bizi duen krisiaz eta, Beaufretek galdetu zuen modu analogoan, galdetzen diot nire buruari: zelan eman diezaiokegu berriz ere zentzua euskalduntasun hitzari?
Eta, galdetu bezain pronto, Heideggerren argudioak datozkit gogora. Modu berean esan dezakegu guk, alde batetik, galdetze hutsak euskalduntasunak bere zentzua galdu duela erakusten duela; eta, bestetik, galdetzeak euskalduntasuna hitza kontserbatu nahi dugula ere erakusten duela. Orain, Humanismoarekin gertatu ez bezala – izan ere, Zizekek esan bezala, mendebaldekoak azken gizaki nietzschetarrak omen gara eta, ondorioz, ez da Gizakiaren heriotza zertifikatu –, Modernitateko euskalduna bai hil da. Euskalduna hilik da, euskal kulturarekin batera – eta, euskalduntasuna fantasia da, ezinbestean –. Jada, ez dago euskal kulturaren atzetik inolako masa modernorik – izan ere, ez dago masarik, multzotasunak baino ez –, ez dago euskalduntasunaren definizio edo zentzu bakar edo nagusi batekin batera bizi den herririk – beharbada, euskal kultura folklorismo edo ondare kulturalera murriztu duten pastitxeak baino ez gara –. Eta, hala eta guztiz ere, badira/bagara euskalduna kultura nagusitzat duen Euskal Herri bat ikusi nahi dutenak/dugunak etorkizunean – edo, mamu horrekin jostatzen direnak, umeak ama falta denean egiten duen bezala –, errealitate honetan hutsunea fantasiekin betetzen dutenak/dugunak – ez baitago errealitaterik mamurik gabe –.
Gauzak horrela, euskaldunik zein euskal kulturarik ez bada ere, gorpuari kiratsa badario ere, bere mamuak bizirik dirau – Ezin dugu ukatu, heriotzaren berri izanik ere, badugula beste une batean izan ginenaren oroitzapenik, badagoela behin euskalduna bizi izan zenaren lekukorik –. Horrexegatik, Marxek esan bezala – berriz ere analogiekin – esan dezakegu: mamu bat dabil Euskal Herrian zehar: euskaldunaren mamua Eta, kasu honetan ere, botere arrotz guztiak konjuratu egin dira gurutzada santu batean. Horrexegatik bildu behar dugu euskaltzaleok ere; ez bakarrik konjuraren aurka, gurean ere dabiltzan bestelako mamuen aurka ere – globalizazio demokrata-kristau-liberal-zuriaren mamua, terrorismoaren mamua, Europaren mamua eta beste asko –.
Baina, globalizazio kulturalarekin batera – batzuentzat inperialismo estatubatuarra –, paradoxikoa bada ere, etno-eklozioaren aurrean ere bagaude – abertzaletasuna edo separatismoaren mamurik ere bada –; eta guk ezin dugu trena hori galdu; Herrialde
guztietako euskaltzaleak, elkar zaitezte! Herrialde guztietako separatistak, elkar zaitezte! Bildu, eztabaidatu eta, eskizofrenia horretan, adostu hortz-muga berrien bilaketari ekitea – singular plurala, plural singularra izateko modu berriak –. Gure nahiak baino ezin du erabaki zer izan behar dugun geroan – izatez bagarena eta iraganean izandakoa ahantzi ezinik, noski –.
Nik nire aldetik, Koldo Izagirrerekin batera, euskaraz abestu, margotu, bizi eta hil nahi duten euskaldunak ikusi nahi ditut beharbada batek baldintzaturiko etorkizun ezezagunean
– euskararik gabe ezin delako euskaldunik, euskal kulturarik edo Euskal Herririk egon. Euskararik gabe, beste zer edo zer liratekelako –. Euskararen ebanjelio eta apokalipsiak esan bezala – modu erromantiko-poetikoan –, hasieran euskara izan zen – eta euskalduna, euskara haragitua – eta noizbait euskara hilko balitz, hilko litzateke betiko euskalduna berarekin – eta bere mamua –. Esadazue esentzialista eta erromantiko nahi baduzue, zuok esentzialistok, baina zertarako nahi dut nik euskara oinarri ez duen euskal estatu independente propio bat? Euskal? Propioa? Norena? Euskaldunona? Euskaraz mintzatu ez baina euskaldun sentitzen zaretenona?
Nik ez dut berriz arrotza edo bigarren mailako herritarra izan nahi – euskaraz mintzatzen ez direnak bihurtu nahi ez ditudan bezala –; horregatik abertzaletasun eredu berri baten alde egiten dut – internazionalista, beti internazionalista; gainontzekoak inmoralak iruditzen zaizkit –, posteuskalduntasun baten alde, Sloterdijken gizaki aparten ekoizketaren analogo litzatekeen etorri behar duten euskaldunen produkzio berriaren alde – non produkzio edo ekoizketa hitz desatseginek ahalbidetu, sortu edo gauzatu esan nahi duten –. Jendarteari, herrigintzari ekin euskaraz abestu, margotu, bizi edo hil daitezkeen euskaldunen etorrera ahalbidetzeko. Popper-ek esan bezala, aukera ezberdin guztiak aurreikusten saiatu behar dugu, jendeak uste baino irekiago dagoelako etorkizuna; gauza handiak egiteko modurik ez badago ere, pesimistak izateari utzi behar diogu zer edo zer, oso txikia delarik ere, egiteko. Edo, Guattarik esan bezala, edozerk lagundu dezakeelako etorkizun ezberdinak ahalbidetzen – existitzen denaz oso bestelakoa den diskurtso bera ere ekintza bat izan daitekeelako, existitzen den horren suntsipena ere ekar dezakeelako –.
Euskaldun ez den beste ezer izateari utzi nahi diogu, jakinik ere, Foucaultek esan bezala, egi batetik ateratzen denak eraiki behar duela nahitaez beste egiren bat – ez baitago gizabanakoarengan ontologikoki garbia den nahi pururik; ezta partzialtasuna saihestu dezakeenik –. Baina, egi berriren bat sortu edo ahalbidetu ahal izateko, aurreko egiren batekin amaitu beharra dago nahitaez – hil eta errautsetatik sortu –, subjektua sortu egiten delako beti ere botere-eremuren baten mendean, Butler-ek esan bezala. Horrexegatik, egungo gure helburua ez da benetan nor garen ikertzea, bagarena ukatu eta errefusatzea baizik – ondoren, zer edo zer berria asmatu ahal izateko, non berri den hori mamuaren gorpuzteren bat den nahitaez –. Antagonismoa, ukapena abiapuntu izanik, subjektibotasun
– euskalduntasun – eredu berriak asmatzeak izan behar du benetan helburua.
Portzierto, kaixo denoi; eta barkatu zenbait pentsalariren zita hutsetan oinarrituriko panfleto hau hona ekartzeagatik…
http://basque.criticalstew.org/?p=5253
Euskaltzale apolitiko histerizatuei kritika By Imanol Galfarsoro • Feb 3rd, 2011 • Category: Atal Berezia, Azterketak eta Azalpenak
Politika / kultura binomioak sobera bihotz-min sortzen du euskalgintzan. Ez baina burukomin ganorazkorik. Arazoa zera da: estatu independente berri baten bidean, euskaltzaleek ez dute behar bezala historizatu nahi inguruko estatu inperialista zaharren eragin kolonizatzaile-menderatzailea. Bai, aldiz, nahi dute gaur egungo euskararen egoera makaltzat histerizatu, batez ere, are eta gehiago, beraien arrangura zein frustrazioen trastu erretorikoak Ezkerrari botatzeko. Hona hemen euskaratuta, Gloria Anzaldúa feminista lesbiar chicana izan zenak, hitz egiten zituen hizkuntzez ingelesez idatzi zuena:
    Beraz, ni mindu nahi banauzu, nire hizkuntzari buruz txarto hitz egin ezazu. Identitate etnikoa identitate linguistikoaren azal bikia da – ni nire hizkuntza naiz. Texasko espainol chicanoa legitimotzat onartzeko gauza izango ez naizen arte, -Tex-Mex eta hitzegiten ditudan beste hizkuntza guziak, – ezin dut onartu nire buruaren legitimitatea… eta ingeles hizlariekin moldatu behar naizen neurrian, alderantziz eurak nirekiko moldatu beharrean, nire mihia ilegitimoa bilakatzen da. Nire izatearekin ez naiz gehiago lotsatuta egotera beharturik izango. Nire ahotsa izango dut: indioa, hispanoa, zuria. Nire suge mihia, nire emakume ahotsa, nire ahots sexuala, nire poetaren ahotsa. Ixiltasunaren tradizioa gaindituko dut.
Soilik ikuspegi kulturalista batetik atzemanda, gakoa, hemen, identitatearen osagaien artean bereiztea liteke zeintzuk ote diren sakonak eta zeintzuk azalezkoak, zeintzuk erdiko edota ertzaldeko, komunitario edota indibidual, pribatu ala publiko; eta nola elkar-eragin kulturidentitatearen osagaiak: tentsioaren bidez ala elkarrizketaren bitartez? Baina norberaren kultur identitate(ar)i soilik begiratu beharrean, gako nagusia ez da hainbeste onartzea identitatea eta subjektibitatea kultur-kontzeptualizazio problematikoak osatzen dutela, bidenabar ohartzea baizik, dominazio eta subordinazioaren ardatzaren inguruan antolatzen diren erresistentzia politikoak ere interbentziorako testuinguru aldakor eta konplexuetan antolatzen direla. Hau da: oker ote zegoen Anzaldúa dominakuntzaren hizkuntza erabiltzerakoan bere posizio subordinatuaren egia argitzeko? Inolaz ere ez onartzeko, argitzeko baizik ondo jakinaren gainean zegoela ingelesaren posizio nagusiaren izate kolonizatzaile intrintsekoaz. Eta nik neuk berdin; hau da: espainola ere nire hizkuntza dela esaten dudanean ez da batere onartze aldera halako pluraltasun tolerante txepel baten fantasiaren azpian ezkutatzen diren dominazio zehatz eta bortitzen aztarnak (Euskal Herrian hiru hizkuntza nagusi hitz egiten dira, bestea errespetatu behar dugu eta abar); ez da hala-nolako kultur-mestizaia harmoniatsuaren bertute sendatzaileak-edo inbokatze aldera (gizarte multi/inter-kultural batean bizi gara, bestearekin bizi behar dugu eta abar), historikoki jada inskribatuta dauden menderakuntza asimilatzaileen ondorioak eta efektuak nire gain hartze aldera baizik.
Joxe Manuel Odriozola jakinaren gainean dago “alienazio-prozesu” honetaz, eta duela hiru bat urte argitaratu zuen liburuan (Abertzaleak eta Euskara, Elkar, 2008), hegemoniaren teoria (gramsciarra hor nonbait) aurkezten digu (155-162 orri.) euskaldunok ia-ia gure borondate eta kontsentimendu naturalizatuaz-edo “etsaia barnean dugu”la azpimarratzeko; hau da: beste kolonizatzailea jadanik ni menperatuaren barnean bizi dela adierazteko, eta bizi gainera euskaldunok, oro har, erdaldun izateko hartu dugun erabakia onartutako erabaki gisa sentitzen omen dugulako eta ez kanpotik behartutakoa balitz bezala. Hala ere,
Odriozolak onartzen du “alienazioaren neurria erlatiboa dela… identitatea bera ere erlatiboa delako”. Bakarrik, gero, bere herri / nazio euskaldunarekiko erakusten duen atxikimendua sakon-sakona dela, erdi-erdikoa, komunitate besterendu batean murgilduta dagoen gizakume batena, bere bizi pribatu zein publikoa zinez barrenblaitzen duena. Azken finean, identitatea anizkoitza eta aldakorra izanik ere beti baitago hegemoniaren legera lotuta, eta ondorioz:
    Tipularen barne-muinean, nukleoaren bihotzean, planteatu behar da identitatearen auzia, eta ez hortik kanpoko eta azaleko geruza hutsaletan.
Tipularen metaforarekin, Odriozolak zuzen-zuzenean garamatza Erreal lacaniarraren noziora. Errealaren eremuaz aritzerakoan, barnemuin edo erdigune ezkutu, gogor, iheskor eta eskuragaitz baten egia adierazten da. Eremu Erreal horrek eguneroko giza-errealitate ‘objetibo-enpiriko’ari oposatzen den itxura mamu-espektrala hartzen du. Errealitate (edo kipularen kanpoko geruza) engainagarria(k) zuritzeko sortzen zaigun premiarekin, Errealaren eremua ordaindu behar den prezioa da. Erreala, azken erreferentzi-puntu iheskorra da: tipula barnean aurkitu nahi den barne-muin edo nukleoaren bihotz bezalakoa, bai, baina antzemanezina, are hitzetan nekez ezar daitekeena, izan ere hutsik dagoelako, hau da: kipula osoa geruzaz osatuta dagoelako, hain zuzen. Eta zerbait izatekotan, orduan, hortik dator, zehatz-mehatz, Odriozolak batez ere Ezkerraren kontra zuzentzen duen argudioen erru nagusia; alegia, Ezkerraren tipularen barne muinean, nukleoaren bihotz hutsean Odriozolaren euskara eta herri euskaldunaren inguruko adierazpen eta planteamendu esplizituak ez dira agertzen berak nahi lukeen bezainbat sarri, izan ere, esan gabe doazelako; edo beste hitz batzuetan esanda: Ezkerrari euskararen inguruko arazoak ez dio sortzen inolako antsiedade berezkorik, sinismen inplizituen mailan esan gabe doalako euskarak erdimuineko eremu huts horretan bizi(ko) dela. Izan ere, estatu independentearen zeregina, besteak beste, hegemonia berri baten sortzea (izango) baita, simultaneoki, gainera, estatu aparatuen kanpoko eremuetan, gizarte zibilean, esparru sozio-ekonomikoetan… naturaltzat eta normaltzat antzemango dena.
Alta, beste gauza bat da baieztatzea Ezkerrekook estatua behar dugula “kosta ahala kosta, eta gero gerokoak” (51) eta, nik uste, hortik sortzen da beste akatsa, alegia: Odriozolarentzat, alde batera, kanpoko errealitate objektibo-enpirikoak, oraingoak eta hemengoak, ia-ia guztiaren neurria ematen du, eta bere ikuspegi subjektibotik errealitate horren izaera gordina ikusita, gogo gutxi nabaritzen zaio errealitatetik kanpo kokatzen omen diren ameskeria edo abenturismo teorikoetan murgiltzeko. Baina, beste aldera, bai liburuan barreiatzen duen aparatu kontzeptualarekin baita bere praktika diskurtsiboarekin ere, Odriozolak Euskal Herriko zenbait giza-kolektibitate berrasmatzen eta berrizendatzen ditu, hau da, zenbait komunitate imajinatu egiten ditu, guztiz eta zeharo zilegi izanda, are ihestezina, frogatzen duena errealitate hori ezin dela soilik enpirikoki enkapsulatu, errealitatea bera diskurtsoaren efektu dela.
Odriozalaren diskurtsoak sortu edo asmatzen duen errealitatean, abiapuntua oinarriko herri edo nazio euskalduna da, hau da: herri etno-kulturala, nazioaren oinarriko izaera kulturala ematen diguna, are askapen-subjektu nagusia dena, besteak beste, euskalduna izatea segregazio eta umiliazioaren historia (izan) delako, etnozidioaren historia. Beste aldera abertzale erdaldunak ditugu, izan ere, abertzaletasunaren eta euskalduntasunaren arteko harremanak aztertzerakoan saioaren jomugan esplizituki kokatuta daudenak, eta populazioaren zenbait kalkulu kuantitatiboen arabera behartuta-edo nahiago dutenak nazioaren izaera politikoa azpimarratzea, ez oinarriko etnos euskaldun minorizatua,
hizkuntzan sustraitua, civitas edo demos juridiko-politiko hiritar oro-hartzailea baizik, lurraldetasunean, balio zibikoetan, ongizate ekonomikoan … egituratua. Gero badaude beste zenbait azpi-oposaketa arestiko oposaketa nagusi horri modu batera edo bestera elkarlotuak egonik, saioaren bidegurutze edo atal nagusien eztabaidak hezurmamitzen dituztenak; hala nola, gutxi gora behera: euskal herri/nazioa (subordinatua) vs Espainiar/Frantsez estatuak (inperialista-koloniar autoritarioak); euskaltzale abertzalea (identitate kolektiboa) vs euskaltzale liberal-kulturalista (aukera indibiduala); herri euskalduna vs erdal herria / herri langilea (eskuin/ezker eztabaida)… eta azpi-kategoria hauen arteko nagusiena, berriz ere munduko antagonismo nagusi, egituratzaile, unibertsal eta zaharrenari lotuta: eskuin abertzalea eta ezker abertzalea; kontuz, hemen, hala ere: ez, eskuin abertzalea vs ezker abertzalea.
Gaur egungo eskarmentu politikoari begira, dena den, eta Odriozolak egiten duen bezala, herri edo nazio euskaldun zanpatuaren aldeko argudioa ‘kosta ahala kosta’ sostengatze aldera…
1-… zilegi al da Ezkerraren tradizioa erregionalismo etno-txobinista kolaboratzailearen zereginekin kolapsatzea? Ikuspegi horrek ‘abertzale’ hitzaren hala-nolako erabilera inplikatzen du. Zeren eta, adibidez, pairatu beharra dago, euskara dela (edo ez dela), (kultur)-politikagintza abertzalearen kategoria berdinean eta parez pare Jon Josu Imaz (18085) Josune Aristondo (225-28.), Juan Jose Ibarretxe, (230-38) edota Xabier Arzallusen (23941) ikuspegi ofizial klaudikanteak ezartzea Floren Aoiz, Arnaldo Otegi, edo, Odriozolaren hiztegia jarraituz, erakunde armatuarenekin; bidenabar, are eta gehiago, betiko iruzurrean eroriz: garai bateko Txomin, Peixoto eta Txikia bai euskaltzale paregabeak! bai jatorrak! Ez baina Frente Obrero-koak ezta gaurko nazio politikoaren aldekoak ere!
2-…zuzena al da (a) Ezkerraren egungo praktika preseski ezkerrekoa delako arbuiatzea eta

(b) irabazpen teoriko historikoak baztertzen saiatzea?

(a) Ederto, Odriozolak Antton Mendizabalen (171) ikuspegia errepikatzen digu Mendebal Europako Ezker nagusiari buruz oro ezkorra dena: “Europako ezkerreko zatirik handienak nazio-estatuetako burgesia inperialistaren ezpaleko sentiera eta pentsaera dauka.” Eta hala baldin bada ere, guri zer inporta zaigu, baina? Horregatik ukatu behar ditugu Ezkerreko balio unibertsalak: askatasuna, berdintasuna, elkartasuna…? Honez gero ez al dakigu bada, ondo jakin gainera ezker hori, Slavoj Zizek filosofo Ert-europarraren hitzetan jartzeko, repelentea dela oro har, are galtzailearen nartzisismoan guztiz murgilduta dagoela (Palestina bai Palestinarretzat! Baita Bolivia ere herri indigenentzat! Baina Nepal maoista? Ez, ez, Nepal guretzat, gora Buda ta Himalaya!). Eta hurbilago begira, ez ote dira diseinuzko ‘ezker’ abertzale alternatibo, transbertsal, pluralista, tolerante, pazifista, feminista, ekologista, migrarizale, euskaltzale peto-peto edo dena delakoek galtzailearen nartzisismo repelentearen erreferente nagusia? Ez ote daude, are eta gehiago, inoiz eta inon eskuak zikindu gabe borroka polit guzien alde beti aho bete, inguruko nazio-estatuen indar zapaltzaileen ezpaleko?

Eta (b) orain erretrospektiboki iraganera begiratuta badago gai bat, alegia, ‘euskalduna Euskal Herrian bizi eta lan egiten duena da’ esaldiaren ingurukoa, aspalditik zurituta dagoena. Kontradikzioak kontradikzio (Oñatiko kuartelean lan egiten duen guardia zibila euskalduna ote? Eta ni ez Ingalaterran-edo bizi naizelako?) nago, hala ere, Ezkerrak gizarteari eskaini dion erakarpen nagusienetakoa dela, ez Odriozolak dion bezala
murrizkeriaren eta sinplekeriaren ildotik bideratzen den neurri gabeko zentzugabekeria nabarmena. Orrialde berean (165) Emilio Lopez Adanen aipamenarekin datorkigu, izan ere, felipeei kontzesio ideologiko onartezina omen izan zela-edo esanez, batez ere kontutan hartuz gero Euskal Herrian bertan kontzientzia nazional frantsesa edo espainola duen jende langile asko dagoela. Atzoko eta egungo idar-korrelazioa zer nahi izanik, nik biba felipeak! diot hala izan bazen, baita felipe famatu horiek gaur egun Partido (Socialista Obrero) Español-ekoak badira ere! Hitz batez: gerora begira, Euskal Herriko herri euskaldunaren eta herri langilearen (erdal ala ez) arteko tentsioa ez da gauzatzen oposaketa-harreman zuzen baten bitartez, bigarren mailako kontradikzioa besterik ez da. Elkarrizketaren bidez elkareragiteko bidea beti dago irekita.
3-… eta ondorioz, ez al da filisteo samarra Ezkerraren osagai ‘erdaldun-arrotza’ gutxiestea, nolabaiteko euskaltzale liberal-kulturalista apolitikoen eta euskaltzale abertzale nonbait politizatuagoen artean ematen diren eztabaida sarritan patetikoak, hausnarketa eta kritikaren ardatz nagusitzat hartuz? Besteak beste, Jose Bergamin bakar batek, Eva Forest bakar batek, Alfonso Sastre bakar batek, Odriozolaren liburuan aipamen bat ere jaso ez dutenak, askoz ere gehiago egi(te)n dute, bai askatasunaren alde, bai justizia sozialaren alde, baita espainolez euskararen eta kulturaren alde ere, milaka happy slave à la Bernardo Atxaga edo Ramon Saizarbitoria baino! Gure baitan bizi den ahots ‘arrotz’ hori, poeta erreplublikarraren ahotsa, torturaren kontrako emakume militantearen suge mihi zorrotza, dramaturgoaren ohiu tragiko-kritikoa… gure ixiltasunaren tradizioa gainditzeko ezin bestekoak dira!
4-… beraz, ez al da murrizketa zalantzagarria oinarrizko antagonismoa euskal herri/nazio etnokultural subordinatua Espainiar/Frantsez estatu inperialista-koloniar autoritarioen aurka laburtzea? Arazoa, hemen, ez da Odriozolak “zertarako nahi (duen), hain justu euskalduna (den) aldetik, [euskal] nazio politiko arrotza? (116). Zer esanik ez, “kolonialismoak, jakina, hainbat aurpegi ditu!” (119) baina erantzuna bakarra da, izan ere: Politikoa! Zeren eta oinarrizko antagonismoa ezin daiteke bereziki kulturala izan, ezin daiteke kultur-berezitasunean oinarritu. Aldiz borroka politiko partikular baten bitartez bideratzen da, Euskal Herrian, aspaldi denik ezaguna denez, itxura konkretu bat hartzen duena, horrela, era berean, gure borroka politiko partikularrean unibertso osoaren patua erabakitzen delarik.
Abertzaleak eta Euskaldunak liburua zehatz-mehatz dago bai antolatuta formaren aldetik baita edukia ardaztuta ere erdi-erdiko gai eta arazo baten inguruan: herri euskaldunaren patua zeharo miserablea izanik, alegia, “mamu bihurtu zaigu(la) herri euskalduna, ikusi eta ukitu ezin den izaki lurrinkorra” (33). Mamuek baina ez dute usainik, ez on ala txar. Eta izan ere, zerbait izatekotan etorkizunean herri euskaldun etniko-kulturalak zer eta mamu espektralaren lekunea bete beharko du, aitortu beharrezko ere izango ez dena, hau da, etorkizuneko estatu zibiko-politikoaren osagai erreal ez aitortua, are osagai pribatua, ikusi eta ukitu beharrik ere izango ez dena. Baina estatu politikoak berak inolako identitatepredikatu kulturalen beharrik ez du izango eta bertan bizi den oro bertakoa izango da. Edo bestela ez da estatua izango!


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude