Euskal komunitatea Interneten indartzeko zenbait irizpide

Euskaltzale apolitiko histerizatuei kritika (Hizkuntza eta politika)
Imanol Galfarsoro
http://basque.criticalstew.org

 

http://zuzeu.com/blogak/itsasgoran/
Bi hilabete pasa dira, konpetentzia digitala neurtzeko galdeketa publikatu eta ondorioak jakin araziko nizkizuela idatzi nuenetik. Erantzun kopuruak zaildu egin du emaitza argitara ekartzea. Baina agindua zor, hemen daukazue.

Galderak honako hauek izan ziren: Orokorrean nola aritzen zara gusturago, naturalean edo tresna elektronikoa erabiliz? Zenbat ordu eskaintzen diozu astean lan digitalari? Zenbat urte daramazu teknika digitalekin? Zenbat hatz erabiltzen dituzu? Gaiari dagokionez, nola ikusten duzu zure burua? Zer egin nahi zenuke gehiago ikasteko? Eta azkena, norberak erantsi edo iradoki nahi zuena. Ikusi nahi duenarentzat, hemen

Parte hartzaileen adinak 19 urtetik 54ra doaz, baina gehiengoa 25-35 tartean dago.
Sexu banaketan, gehiengo handia gizonezkoak dira eta % 37a emakumezkoak, nahiz eta zaila den jakitea Doraemon, JMU, Hegazti hegalaria, Hatztrebe Maribero edo Gaztelugatxeko Doniene gizonezko edo emakumezkoak diren. Baina esan dezakegu trebetasuna berdintsu banatuta dagoela bi sexu artean. Diferentzia handiena batzuk eta besteek teknika digitalak hobeto ikasteko aukeratu duten bidean sumatu dugu, askoz gizonezko gehiago daudelako taldean praktikatu nahi dutenak emakume baino, azken horiek irakasle on bat izatea hobesten dute eta. Baina horren harira esan behar da emakumeak direla gehiago ikasteko beharrik ez duten gehienak.

Galdeketa lagin gisara hartuta, esan daiteke ere euskaldun gehienak hatz guztiak edo gehienak erabiltzen dituztela beren lan digitaletan eta jakite horrek pozez betetzen gaitu, maila handi horrek seguruenik atsegin handia dakarrelako berarekin. Gai horretan, gainera, ez dago gizonezko eta emakumezkoen artean diferentzia nabarmenik.

Atsegin handia eman digu jakiteak populazio talde zabala trebe sentitzen dela digital kontuekiko eta beste batzuk oso trebe, bi multzo horien artean parte hartzaileen erdia osatzen dutelarik. Eta horiei eransten badizkiegu nahiko trebe sentitzen direnak, aurreratu dezakegu erakuskari estatistikoaren %70ak hatz kontutan trebetasun galanta adierazten duela. Hori azpimarratzekoa da, dudarik gabe.

Aipatzekoa deritzogu ere azkeneko galderaren erantzunen artean ekarpen baliotsuak izan ditugula. Horien artean hau ekarri nahi dugu: “Nik teknika digitalak ez ditut beti bakarrik erabiltzen, batzuetan bikotean ere bai, (hortik gora sekula ez) eta 4. eta 5. erantzuna bakarka aritzen naizenerako dira, taldean egiten badut 4. galderan “hatz gehienak” jarri beharko nuke eta 5.ean “moldatzen naiz” baino gehiago ezingo nuke jarri bikotekideari galdetu gabe. Ala nik ulertu dut gaizki?!”

Anekdota gisara esango nuke erantzun dutenen artean badaudela Euskal Herriko komunikabideetako ospe handiko lagunak, baina ez ditut hemen izenak azalduko eta ez dizuet ere esango zenbat hatz erabiltzen dituzten beren zeregin digitaletan.

Eta bukatzeko, hara hemen beste partaide baten amaierako aipua:

Konpetentzi Digital Libre batzuen alde!

http://www.argia.com/argia-astekaria/2229/udaltop-2010
Nerabeak zirikatzen euskara erabil dezaten
Udaletako euskara zerbitzuen II. topaketak apirilaren 21 eta 22an egin ziren. Ehun lagun inguru bildu ziren Lasarte-Orian, erdiak euskara teknikariak. Aurtengo gaia ondokoa: Nola eragin udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabil dezaten?
Nerabeak eta euskara ardatz hartuta, ertz asko ukitu ziren bi eguneko jardunaldietan. Euskarazko kontsumo masiboaz jardun zuten, Alberto Irazu Gaztezulo aldizkariaren esperientziaz aritu zen eta HPSko ordezkariak sare sozialei buruzko ikerketa baten berri eman zuen. Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabileran gazteengan zein faktorek eragiten duten azaldu zuen. Artikulu honetan bi hitzaldiren kontakizuna egingo dugu, batetik, Pello Jauregi HUHEZIko irakasleak Ekialdeko filosofiatik hartutako yin eta yang kontzeptuak hizkuntzara nola moldatu dituen, eta bestetik, sare sozialez HPSko Jon Aizpuruak kontatutakoa.

Pello Jauregiren yin-yangak eta hizkuntzak
Euskararen erabilera aztertzeko, eta gero esku hartzeko, sistemak, alegia taldeak hartu behar dira kontuan. Taldeekin egin behar da lan, horietan sortzen dira barne tentsioak. Talde horietan biltzen dira egonkortasuna eta aldaketa, edo beste era batera esanda, ordena eta kaosa. Orekaz ari garenean, taldean finkatuta dauden hizkuntza harremanez ari gara, gauzak automatikoki ateratzen dira eta taldeko kideek ez dute energia asko xahutu behar. Ordenak kaosa du ordea inguruan, aldaketa etengabea. Esate baterako, bi ari gara euskaraz hitz egiten eta hirugarrena dator gaztelaniaz ari dela, edo Lasarten gaztelaniaz ari gara eta Kubara joan eta euskaraz aritu gara. Desoreka batzuk txikiak dira, sistema arriskuan jartzen ez dutenak. Sistemaren joera orekara itzultzea da, adibidez, gaztelaniaz egin duen hirugarren pertsona hori badoanean, beste biek euskaraz segitzen dute, oreka itzuli da. Alabaina, desoreka handiegia denean, beste oreka bat bilatuko da, lehenera ezin baikara itzuli. Elebiduna erraz egokitzen da bigarren oreka horretara, elebakarrak ezin du. Kontua da elebiduna dela beti egokitzen dena, alegia euskararen orekatik gaztelaniaren orekara igarotzen dena.

Gure oreka babestu
Taldearen oreka ez da nahikoa. Taldeak egin dezake euskaraz baina ingurua dauka. Gerta liteke oreka batek beste orekarekin bat egitea, alegia, taldea euskaraz ari da –bi lagun izan daitezke– eta testuingurua ere euskalduna da. Esan dezagun, kasu horretan, inguruak baimentzen duela euskara erabiltzeko ohiturarekin jarraitzea. Baina gerta liteke lehenengo oreka hori inguruak desorekatzea. Batetik, taldea euskaraz ari bada oreka hori babestea interesatzen zaigu, eta bestetik, ingurua erdaraz ari bada asmatu behar dugu interesatzen ez zaigun oreka hori nola desorekatu.

Hautemateak eta ekintzak
Bien koherentzia bilatuko dugu. Hona adibidea: oso euskalduna sentitzen naiz, euskara maite dut… (nola hautematen dudan euskara), baina ez dut euskaraz egiten (ekintza). Kontraesanak handiak dira eta oreka berreskuratzeko bi modu egon daitezke, bata, hautemate eremua egokitzea, alegia, diskurtso autokonplazienteak garatzea, “euskara bai, baina orain ezin dut…”, eta bestea jokaera aldatzea, euskara gehiago erabiltzen hastea adibidez.

Alderantzizkoa ere gerta daiteke, euskararekiko hautemate eskasa duen bati, adibidez lantokian, eskatzen zaio euskara erabiltzea. Langileak bi aukera ditu: edo lantokia uzten du edo hautematea aldatzen du.

Heldu arrunta eta berezia
Pello Jauregik bi tentsiogune aipatu zituen. Batetik, nerabeak oraintxe arte haur izan dira eta orain heldu izan nahi dute. Helduak dituzte eredu, hizkuntzan ere bai. Bestetik, helduen munduan bilatu nahi dute tokia, baina beraien tokia ere nahi dute eta helduen kontra matxinatzen dira. Hizkuntzari dagokionez, eskola eta familia euskararentzat arnasguneak dira toki askotan, eta hain justu, nerabeek gune askeagoak bilatzen dituzte. Beraz, erabilera bultzatzeko esku hartzea konplikatu egiten da, esku hartzea autoritario samarra baldin bada errezeloa hartzen dute eta ez dute gustuko.

Jauregik nerabeentzako proposamena luzatu zuen; 15-16 urtekoek 12-13 urtekoekin euskara bultzatzeko proiektuak garatzea. 15-16 urtekoek heldu izateko duten grina baliatuz, gazteenen ardura hartuko lukete. Pentsatzekoa da 12-13 urtekoek zaharragoak dituztela eredu, baita hizkuntzan ere.

Galdera-erantzunetan, partaide batek kalanbrazoaren transmisioa aipatu zuen: gurasoek seme-alabei euskara transmititzen diete, eurek erabili gabe. Gaztetxean gertatutakoa kontatu zuen: gazteek hainbat ekintza antolatu zituzten, tartean haurrentzakoak. Ume batzuk joan eta esan zieten: “¿Cuándo es la chocolatada?” eta gazteek: “Zuek ez dakizue euskaraz ala?”. Gazteak gaztelaniaz ari ziren beraien artean. Entzule horren ustez, “egin ezazue euskaraz” leloa ari da zabaltzen. Jauregik honela erantzun zion: haurra engaina dezakezu, baina gaztea ez. Kontraesan guztiak ateratzen dizkigute. Igoal arazoa ez dira beraiek, gu baizik.
Gazte sare sozialak

Nerabeekin zuzenean lotuta ez bada ere, sare sozialez ikerketa burutu zuen duela gutxi arte Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinazio Zuzendaria izan den Igor Calzadak. Haren faltan, Jon Aizpurua HPSko Ikerketa Zerbitzuko kideak aurkeztu zuen sare sozialez ia bukatuta duten ikerketa.

Twitter, Facebook eta Tuentiko erabiltzaileak aztertu dituzte sakoneko elkarrizketak, eztabaida taldeak eta behaketak eginda. Lehenengo sarearen erabiltzaileak teknofiloak dira, bigarrenarenak era guztietakoak eta hirugarrenarenak 14 eta 25 urte artekoak. Jon Aizpuruak azpimarratu zuen nola euskaldunaren erradiografia aldatzen ari den, orain elebidun askoren lehen hizkuntza gaztelania da, giro erdaldunean bizi da… Zenbat eta gazteago orduan eta gehiago honelako egoerak, beraz, mundu errealean ez daukana mundu birtualean jaso dezake.

Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, ez dago alde handiegirik mundu errealaren eta birtualaren artean. Gehiengoak –taldea eleanitza da– darabilen hizkuntzak irabazten du, gaztelaniak. Euskaldunak bestelako azpitalderen bat identifikatzen badu beste hizkuntzaren bat erabiltzen du, edo ingelesa edo euskara. Kalean gaztelania erabiltzen duenak sarean ere hala egiten du, eta kalean euskaltzaletzat dituen kide solteekin euskaraz egiten duenak sarean ere bai.

Euskara zertarako darabilte erabiltzaileek? Bada, mezu laburrak bidaltzeko, zoriontzeko, abertzaletasunaz hitz egiteko, euskarazko ekitaldien eta herriko jaien berri emateko. Euskal hiztunak euskara eta gaztelania nahastuta erabiltzen ditu, baina gaztelaniaz bizi denak ez darabil euskararik.

http://www.argia.com/argia-astekaria/2188/durk-gorter/osoa
“Hemen jendeak ingelesez hitz egiten hasi aurretik barkamena eskatzen dizu”

Ikerbasque programaren bitartez euskal herriratutako irakasle honek eleaniztasunaren ikuspegi soziologikoa du ikerbide. Euskaltegian ari da euskara ikasten, eta gaztelania kalean. Harrigarria egiten zaio euskaldunok ingelesarekin dugun jokabidea, hanka ez sartzeagatik mutu geratzen omen gara.Ikerbasque programaren bitartez euskal herriratutako irakasle honek eleaniztasunaren ikuspegi soziologikoa du ikerbide. Euskaltegian ari da euskara ikasten, eta gaztelania kalean. Harrigarria egiten zaio euskaldunok ingelesarekin dugun jokabidea, hanka ez sartzeagatik mutu geratzen omen gara.

A goeie (kaixo, frisieraz) Gorter jauna. Ikerbasque programaren bitartez EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultatean ari zara lanean. Zein motibazio izan zenuen hona etortzeko?

Ikerbasque programaren helburua da ehun bat goi-mailako ikerlari ekartzea EAEra. Nik euskal egunkari batean ikusi nuen iragarkia, gaian sakondu eta nire eskaera aurkeztea erabaki nuen. Aukeraketa prozesu zorrotza etorri zen ondoren, nazioarteko epaimahai batek gidatu zuena. Onartua izan ondoren, 1.000tik gora eskaera aurkeztu zirela jakin nuen.

Fryske akademian, kudeaketa lanetan eta Amsterdameko Unibertsitatean irakasle eta ikerlari gisa aritu nintzen lanean azken urteetan. Lanegun osoz ikerketan aritzeko aukera gustagarria zen niretzat. Gainera, Ikerbasquen nik nahi ditudan eremuak aukera ditzaket ikerketetan, ez dut mugarik. Bestetik, Euskal Herria aspalditik ezagutzen dut, bertako ikerlari asko ezagutzen ditut, elkarlanean aritu izan gara eta 2002an egonaldi luzea egin nuen Gasteizen irakasle gonbidatu gisa.

Zein ikerketa-ildo lantzen dituzu Ikerbasquen?
Bi lan-ildo proposatu nituen nire eskaeran. Batetik, Europako hizkuntza minorizatuen arteko ikerketa konparatiboak hainbat eremutan: administrazioan, hezkuntzan, komunikabideetan, arlo juridikoan e.a. Bestetik, eleaniztasuna; hots, estatus ezberdineko hizkuntzen arteko elkar eraginen azterketa. Ikuspegi honetatik lantzen ari naizen gaietako bat hizkuntza-paisaiarena da.

Kanpotik datozen ikerlariek zer bilatzen dute hemen?
Alde batetik, hemen aurkitzen dituzten erraztasunak eta, bestetik, beren curriculumak hobetzea, promoziorako aukerak. Gehienak ni baino gazteagoak dira, nik ez dut ohiko profila ematen adinagatik. Beraien ibilbidean urrats gisa ikusten dute aukera hau, urte batzuetarako helmuga. Logikoa da ze Ikerbasquera datorren ikerlariari aurretik zenbait unibertsitatetan aritu izana eskatzen zaio. Beraz, bide beretik jarraitzen dute.

Ikerketan horrela aritzeko ingeles maila polita beharko da.
Bai, oso deigarria egin zait hemen, jendeak ingelesa erabili aurretik “my english is not very good” esaten dizula. Eta ez da egia kasu askotan. Badago zerbait horren atzean. Nik uste jendearen ustea dela, maila bikaina izan arte, ezin dutela erabili. Ez da inolaz ere egia. Erabiliz ikasten da! Nik horrela jokatzen dut euskara nahiz gaztelaniarekin. Prest nago hanka sartzeko.

Zein arrazoi egon liteke horren atzean?
Gauza kulturala da, nire aburuz. Gauza bera gertatzen da euskararekin ere, euskaltegiko ikasleen artean. Hanka sartzeko beldur dira. Garrantzitsua da testuingurua kontuan hartzea. Nik elkarrizketa hau ezin dut gaztelaniaz ala euskaraz egin, ez dut nahikoa mailarik. Testuinguru honetan garrantzitsua da niretzat ongi azaltzea. Baina beste testuinguru batzuetan euskara ala gaztelania erabili egin behar ditut ikasiko baditut. Hemengoa oso fenomeno interesgarria iruditzen zait, arrazoi konplexuek eragindakoa.

Jendeak barkamena eskatzen du aurretik. Hizkuntza sumisioarekin lotuta egon liteke portaera hori?
Ez dut uste. Hiztunak harreman onak izan nahi ditu, solaskidearen maila berean ikusi nahi du bere burua. Beharbada, sumisioaren kontrakoa izan liteke; ez dago prest gutxiago sentitzeko interakzio horretan.

Zergatik da interesgarria hemengo egoera linguistikoa?
Europan kasu arrakastatsuenetako bat da. Hori interesgarria da, laborategi txiki bat bezalakoa da. Oso gizarte dinamikoa da, dena bikoizten duzue! Modernoa da, era berean. Aztertzen dituzunean hizkuntza minorizatuak dituzten beste herri batzuk, gizarte arkaikoak ikusten dituzu. Euskal Herriko hizkuntza egoeratik gehien interesatzen zaidana da nola uztartzen diren euskara indarberritzeko ahalegina, etorkinen hizkuntzak integratzekoa eta gizarte modernoa. Zuek ez duzue euskaldun elebakarrik eta ez duzue gizarte hartara itzuli nahi, aurrera begiratzen duen gizartea zarete. Harrigarria da zenbat aireportu dauden euskal eremuan! Munduarekin konektatuta zaudete. Hizkuntza minorizatuek duten arrisku handienetakoa isolamendua da. Zuek nahi ala ez gizarte eleanitzean bizi zarete. Beraz, aukera polita da niretzat behatzea erronka horientzat zein irtenbide proposatzen dituzuen. Twitter iraultzan bizi gara. Twitter filosofia hizkuntzetara eraman behar da.

Ongi saltzen al dugu euskaldunok eleaniztasunaren kudeaketan dugun esperientzia?
Hobetu liteke. Diseinu maila handia dago Euskal Herrian. Maila handia ikusten dut kartel, inprimaki eta publizitatean, oro har. Horri gehiago erreparatu beharko zeniokete. Kanpotik zer etorriko zain zaudete eta gauza asko hemen egin egiten dituzue. Kataluniarekin asko gertatzen zaizue hori. Katalanek ere etengabe so egiten diote hemengo errealitateari.

Euskara ikasten ari zara. Zer moduz?
Saihesten ari naiz euskara zaila dela esatea. Euskara ezberdina da, Europako beste hizkuntzekin konparatuta. Kexa hori darabilten erdaldunek nik baino abantaila handiagoak dituzte: ahoskera, soinuak berberak dira, hizkuntzaren alderdi pragmatikoa… Euskara oso logikoa da; ez daukazu ia salbuespenik, arauak oso finkoak dira.

Euskara Europako hizkuntza zaharrenetakoa da. Ikusten al dute gainontzeko europarrek beren ondaretzat?
Nik uste jakin ere ez dakitela. Europan hizkuntza minorizatuak bigarren mailakoak dira. Baina gaur egun ez da hori euskarak duen balio nagusia. Uste dut askoz ere interesgarriagoa dela etorkizunean jarrita duzuen begirada. Balioa ez dago hizkuntzan, ezta hiztun kopuruan ere; bere gizarteak eman nahi dion balio erantsian, bere atxikimenduan dago balioa. Hor dago jokalekua.

Euskal Herriko gauza interesgarrienetakoa da nolako erantzun soziala egon den hizkuntza indarberritzeko, Estatua demokratizatu ondoren eta, hortaz, hizkuntza minorizatuen aldeko politika garatzeko aukera izanda. Frisierarekin konparatzen badugu, han ez dago horrelako atxikimendurik. Sekula ez du frisierak euskara edo katalanak bizi izandako zapalkuntzarik izan, horregatik jendeak ez du horrelako erantzun proaktiborik izan. Euskal gizartean mintzaldatzearen arriskua hain gertu ikusi denez, erantzuna oso handia izan da.

Uste dut Euskal Herrian gehiago garatu beharko zenuketen eredua eleaniztasun pasiboarena dela. Euskara eskola bereziak, adibidez, trebetasun hartzaileak, ulermena lantzeko. Horrek erraztuko luke euskara erabiltzeko eremuak hedatzea. Euskararen ezagutza eta erabileraren arteko jauziari erreparatuta, funtsezkoa iruditzen zait hau estrategia bezala. Egoera eleanitzekiko tolerantzia handiagoa sustatu behar da. Hor euskarak du irabaztekoa. Ohitzen zarenean ez zara hain arraro sentitzen.

Added value of multilingual education izeneko egitasmoa martxan duzue Herbehereen eta Euskal Herriaren artean. Zein ekarpen dakarzkio eleaniztasunak gizarteari?
Handia. Gu jorratzen ari garen bidea da, ekonomian erabiltzen diren tekniken bidetik, balio erlatiboa azaleratzearena. Alegia, zein balio ematen dio gizarteak hondartza osasuntsu bat izateari ala paisaia linguistikoa bere hizkuntzan ikusteari? Ikuspegi horretan sakondu nahi dugu egitasmo honekin. Eleaniztasunaren bitartez, jendeari zein ate zabaltzen zaizkion aztertu nahi dugu.

http://basque.criticalstew.org/?p=5805
Zelan eman diezaiokegu berriz ere zentzua euskalduntasun hitzari?
By Mitxelko • Mar 12th, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Azken aldian jardunaldi, mintegi zein blogetan pil-pilean dagoen eztabaida dugu euskalduntasunarena; eta, noski, estreinu honetan ezin zaio muzin egin gaiari – gaiak erakarri eta erotu bezain beste aspertzen nauenean –. Baina, tira, zerk egiten gaitu euskaldun? Zer da euskalduna izatea? Zer da euskalduntasuna – euskalduntasunik egotekotan –? galdetu beharra dago, horrez gero; eta, nire buruari galderak jaurtitzen dizkiodan bakoitzean erantzun posible askorekin topatzen naiz: arraza, lurra, nazioa, historia, hizkuntza, kultura, herri-nahia, etab. – batzuk, noski, berehala baztertuak direlarik –. Baina ebazten saiatzen naizen bakoitzean, hariren batetik tiratzen dudanean, korapiloa sendoagoa egiten da. Beste hari batetik tiratzen dut orduan, baina ondorioa bera da. Orduantxe konturatzen naiz euskalduntasunak – edo, hobe esanda, euskalduntasunek – bizi duen krisiaz eta, Beaufretek galdetu zuen modu analogoan, galdetzen diot nire buruari: zelan eman diezaiokegu berriz ere zentzua euskalduntasun hitzari?

Eta, galdetu bezain pronto, Heideggerren argudioak datozkit gogora. Modu berean esan dezakegu guk, alde batetik, galdetze hutsak euskalduntasunak bere zentzua galdu duela erakusten duela; eta, bestetik, galdetzeak euskalduntasuna hitza kontserbatu nahi dugula ere erakusten duela. Orain, Humanismoarekin gertatu ez bezala – izan ere, Zizekek esan bezala, mendebaldekoak azken gizaki nietzschetarrak omen gara eta, ondorioz, ez da Gizakiaren heriotza zertifikatu –, Modernitateko euskalduna bai hil da. Euskalduna hilik da, euskal kulturarekin batera – eta, euskalduntasuna fantasia da, ezinbestean –. Jada, ez dago euskal kulturaren atzetik inolako masa modernorik – izan ere, ez dago masarik, multzotasunak baino ez –, ez dago euskalduntasunaren definizio edo zentzu bakar edo nagusi batekin batera bizi den herririk – beharbada, euskal kultura folklorismo edo ondare kulturalera murriztu duten pastitxeak baino ez gara –. Eta, hala eta guztiz ere, badira/bagara euskalduna kultura nagusitzat duen Euskal Herri bat ikusi nahi dutenak/dugunak etorkizunean – edo, mamu horrekin jostatzen direnak, umeak ama falta denean egiten duen bezala –, errealitate honetan hutsunea fantasiekin betetzen dutenak/dugunak – ez baitago errealitaterik mamurik gabe –.

Gauzak horrela, euskaldunik zein euskal kulturarik ez bada ere, gorpuari kiratsa badario ere, bere mamuak bizirik dirau – Ezin dugu ukatu, heriotzaren berri izanik ere, badugula beste une batean izan ginenaren oroitzapenik, badagoela behin euskalduna bizi izan zenaren lekukorik –. Horrexegatik, Marxek esan bezala – berriz ere analogiekin – esan dezakegu: mamu bat dabil Euskal Herrian zehar: euskaldunaren mamua Eta, kasu honetan ere, botere arrotz guztiak konjuratu egin dira gurutzada santu batean. Horrexegatik bildu behar dugu euskaltzaleok ere; ez bakarrik konjuraren aurka, gurean ere dabiltzan bestelako mamuen aurka ere – globalizazio demokrata-kristau-liberal-zuriaren mamua, terrorismoaren mamua, Europaren mamua eta beste asko –.

Baina, globalizazio kulturalarekin batera – batzuentzat inperialismo estatubatuarra –, paradoxikoa bada ere, etno-eklozioaren aurrean ere bagaude – abertzaletasuna edo separatismoaren mamurik ere bada –; eta guk ezin dugu trena hori galdu; Herrialde guztietako euskaltzaleak, elkar zaitezte! Herrialde guztietako separatistak, elkar zaitezte! Bildu, eztabaidatu eta, eskizofrenia horretan, adostu hortz-muga berrien bilaketari ekitea – singular plurala, plural singularra izateko modu berriak –. Gure nahiak baino ezin du erabaki zer izan behar dugun geroan – izatez bagarena eta iraganean izandakoa ahantzi ezinik, noski –.

Nik nire aldetik, Koldo Izagirrerekin batera, euskaraz abestu, margotu, bizi eta hil nahi duten euskaldunak ikusi nahi ditut beharbada batek baldintzaturiko etorkizun ezezagunean – euskararik gabe ezin delako euskaldunik, euskal kulturarik edo Euskal Herririk egon. Euskararik gabe, beste zer edo zer liratekelako –. Euskararen ebanjelio eta apokalipsiak esan bezala – modu erromantiko-poetikoan –, hasieran euskara izan zen – eta euskalduna, euskara haragitua – eta noizbait euskara hilko balitz, hilko litzateke betiko euskalduna berarekin – eta bere mamua –. Esadazue esentzialista eta erromantiko nahi baduzue, zuok esentzialistok, baina zertarako nahi dut nik euskara oinarri ez duen euskal estatu independente propio bat? Euskal? Propioa? Norena? Euskaldunona? Euskaraz mintzatu ez baina euskaldun sentitzen zaretenona?

Nik ez dut berriz arrotza edo bigarren mailako herritarra izan nahi – euskaraz mintzatzen ez direnak bihurtu nahi ez ditudan bezala –; horregatik abertzaletasun eredu berri baten alde egiten dut – internazionalista, beti internazionalista; gainontzekoak inmoralak iruditzen zaizkit –, posteuskalduntasun baten alde, Sloterdijken gizaki aparten ekoizketaren analogo litzatekeen etorri behar duten euskaldunen produkzio berriaren alde – non produkzio edo ekoizketa hitz desatseginek ahalbidetu, sortu edo gauzatu esan nahi duten –. Jendarteari, herrigintzari ekin euskaraz abestu, margotu, bizi edo hil daitezkeen euskaldunen etorrera ahalbidetzeko. Popper-ek esan bezala, aukera ezberdin guztiak aurreikusten saiatu behar dugu, jendeak uste baino irekiago dagoelako etorkizuna; gauza handiak egiteko modurik ez badago ere, pesimistak izateari utzi behar diogu zer edo zer, oso txikia delarik ere, egiteko. Edo, Guattarik esan bezala, edozerk lagundu dezakeelako etorkizun ezberdinak ahalbidetzen – existitzen denaz oso bestelakoa den diskurtso bera ere ekintza bat izan daitekeelako, existitzen den horren suntsipena ere ekar dezakeelako –.

Euskaldun ez den beste ezer izateari utzi nahi diogu, jakinik ere, Foucaultek esan bezala, egi batetik ateratzen denak eraiki behar duela nahitaez beste egiren bat – ez baitago gizabanakoarengan ontologikoki garbia den nahi pururik; ezta partzialtasuna saihestu dezakeenik –. Baina, egi berriren bat sortu edo ahalbidetu ahal izateko, aurreko egiren batekin amaitu beharra dago nahitaez – hil eta errautsetatik sortu –, subjektua sortu egiten delako beti ere botere-eremuren baten mendean, Butler-ek esan bezala. Horrexegatik, egungo gure helburua ez da benetan nor garen ikertzea, bagarena ukatu eta errefusatzea baizik – ondoren, zer edo zer berria asmatu ahal izateko, non berri den hori mamuaren gorpuzteren bat den nahitaez –. Antagonismoa, ukapena abiapuntu izanik, subjektibotasun – euskalduntasun – eredu berriak asmatzeak izan behar du benetan helburua.

Portzierto, kaixo denoi; eta barkatu zenbait pentsalariren zita hutsetan oinarrituriko panfleto hau hona ekartzeagatik…

http://basque.criticalstew.org/?p=5253
Euskaltzale apolitiko histerizatuei kritika
By Imanol Galfarsoro • Feb 3rd, 2011 • Category: Atal Berezia, Azterketak eta Azalpenak

Politika / kultura binomioak sobera bihotz-min sortzen du euskalgintzan. Ez baina burukomin ganorazkorik. Arazoa zera da: estatu independente berri baten bidean, euskaltzaleek ez dute behar bezala historizatu nahi inguruko estatu inperialista zaharren eragin kolonizatzaile-menderatzailea. Bai, aldiz, nahi dute gaur egungo euskararen egoera makaltzat histerizatu, batez ere, are eta gehiago, beraien arrangura zein frustrazioen trastu erretorikoak Ezkerrari botatzeko. Hona hemen euskaratuta, Gloria Anzaldúa feminista lesbiar chicana izan zenak, hitz egiten zituen hizkuntzez ingelesez idatzi zuena:

Beraz, ni mindu nahi banauzu, nire hizkuntzari buruz txarto hitz egin ezazu. Identitate etnikoa identitate linguistikoaren azal bikia da – ni nire hizkuntza naiz. Texasko espainol chicanoa legitimotzat onartzeko gauza izango ez naizen arte, -Tex-Mex eta hitzegiten ditudan beste hizkuntza guziak, – ezin dut onartu nire buruaren legitimitatea… eta ingeles hizlariekin moldatu behar naizen neurrian, alderantziz eurak nirekiko moldatu beharrean, nire mihia ilegitimoa bilakatzen da. Nire izatearekin ez naiz gehiago lotsatuta egotera beharturik izango. Nire ahotsa izango dut: indioa, hispanoa, zuria. Nire suge mihia, nire emakume ahotsa, nire ahots sexuala, nire poetaren ahotsa. Ixiltasunaren tradizioa gaindituko dut.

Soilik ikuspegi kulturalista batetik atzemanda, gakoa, hemen, identitatearen osagaien artean bereiztea liteke zeintzuk ote diren sakonak eta zeintzuk azalezkoak, zeintzuk erdiko edota ertzaldeko, komunitario edota indibidual, pribatu ala publiko; eta nola elkar-eragin kultur-identitatearen osagaiak: tentsioaren bidez ala elkarrizketaren bitartez? Baina norberaren kultur identitate(ar)i soilik begiratu beharrean, gako nagusia ez da hainbeste onartzea identitatea eta subjektibitatea kultur-kontzeptualizazio problematikoak osatzen dutela, bidenabar ohartzea baizik, dominazio eta subordinazioaren ardatzaren inguruan antolatzen diren erresistentzia politikoak ere interbentziorako testuinguru aldakor eta konplexuetan antolatzen direla. Hau da: oker ote zegoen Anzaldúa dominakuntzaren hizkuntza erabiltzerakoan bere posizio subordinatuaren egia argitzeko? Inolaz ere ez onartzeko, argitzeko baizik ondo jakinaren gainean zegoela ingelesaren posizio nagusiaren izate kolonizatzaile intrintsekoaz. Eta nik neuk berdin; hau da: espainola ere nire hizkuntza dela esaten dudanean ez da batere onartze aldera halako pluraltasun tolerante txepel baten fantasiaren azpian ezkutatzen diren dominazio zehatz eta bortitzen aztarnak (Euskal Herrian hiru hizkuntza nagusi hitz egiten dira, bestea errespetatu behar dugu eta abar); ez da hala-nolako kultur-mestizaia harmoniatsuaren bertute sendatzaileak-edo inbokatze aldera (gizarte multi/inter-kultural batean bizi gara, bestearekin bizi behar dugu eta abar), historikoki jada inskribatuta dauden menderakuntza asimilatzaileen ondorioak eta efektuak nire gain hartze aldera baizik.

Joxe Manuel Odriozola jakinaren gainean dago “alienazio-prozesu” honetaz, eta duela hiru bat urte argitaratu zuen liburuan (Abertzaleak eta Euskara, Elkar, 2008), hegemoniaren teoria (gramsciarra hor nonbait) aurkezten digu (155-162 orri.) euskaldunok ia-ia gure borondate eta kontsentimendu naturalizatuaz-edo “etsaia barnean dugu”la azpimarratzeko; hau da: beste kolonizatzailea jadanik ni menperatuaren barnean bizi dela adierazteko, eta bizi gainera euskaldunok, oro har, erdaldun izateko hartu dugun erabakia onartutako erabaki gisa sentitzen omen dugulako eta ez kanpotik behartutakoa balitz bezala. Hala ere, Odriozolak onartzen du “alienazioaren neurria erlatiboa dela… identitatea bera ere erlatiboa delako”. Bakarrik, gero, bere herri / nazio euskaldunarekiko erakusten duen atxikimendua sakon-sakona dela, erdi-erdikoa, komunitate besterendu batean murgilduta dagoen gizakume batena, bere bizi pribatu zein publikoa zinez barrenblaitzen duena. Azken finean, identitatea anizkoitza eta aldakorra izanik ere beti baitago hegemoniaren legera lotuta, eta ondorioz:

Tipularen barne-muinean, nukleoaren bihotzean, planteatu behar da identitatearen auzia, eta ez hortik kanpoko eta azaleko geruza hutsaletan.

Tipularen metaforarekin, Odriozolak zuzen-zuzenean garamatza Erreal lacaniarraren noziora. Errealaren eremuaz aritzerakoan, barnemuin edo erdigune ezkutu, gogor, iheskor eta eskuragaitz baten egia adierazten da. Eremu Erreal horrek eguneroko giza-errealitate ‘objetibo-enpiriko’ari oposatzen den itxura mamu-espektrala hartzen du. Errealitate (edo kipularen kanpoko geruza) engainagarria(k) zuritzeko sortzen zaigun premiarekin, Errealaren eremua ordaindu behar den prezioa da. Erreala, azken erreferentzi-puntu iheskorra da: tipula barnean aurkitu nahi den barne-muin edo nukleoaren bihotz bezalakoa, bai, baina antzemanezina, are hitzetan nekez ezar daitekeena, izan ere hutsik dagoelako, hau da: kipula osoa geruzaz osatuta dagoelako, hain zuzen. Eta zerbait izatekotan, orduan, hortik dator, zehatz-mehatz, Odriozolak batez ere Ezkerraren kontra zuzentzen duen argudioen erru nagusia; alegia, Ezkerraren tipularen barne muinean, nukleoaren bihotz hutsean Odriozolaren euskara eta herri euskaldunaren inguruko adierazpen eta planteamendu esplizituak ez dira agertzen berak nahi lukeen bezainbat sarri, izan ere, esan gabe doazelako; edo beste hitz batzuetan esanda: Ezkerrari euskararen inguruko arazoak ez dio sortzen inolako antsiedade berezkorik, sinismen inplizituen mailan  esan gabe doalako euskarak erdimuineko eremu huts horretan bizi(ko) dela. Izan ere, estatu independentearen zeregina, besteak beste, hegemonia berri baten sortzea (izango) baita, simultaneoki, gainera, estatu aparatuen kanpoko eremuetan, gizarte zibilean, esparru sozio-ekonomikoetan… naturaltzat eta normaltzat antzemango dena.

Alta, beste gauza bat da baieztatzea Ezkerrekook estatua behar dugula “kosta ahala kosta, eta gero gerokoak” (51) eta, nik uste, hortik sortzen da beste akatsa, alegia: Odriozolarentzat, alde batera, kanpoko errealitate objektibo-enpirikoak, oraingoak eta hemengoak, ia-ia guztiaren neurria ematen du, eta bere ikuspegi subjektibotik errealitate horren izaera gordina ikusita, gogo gutxi nabaritzen zaio errealitatetik kanpo kokatzen omen diren ameskeria edo abenturismo teorikoetan murgiltzeko. Baina, beste aldera, bai liburuan barreiatzen duen aparatu kontzeptualarekin baita bere praktika diskurtsiboarekin ere, Odriozolak Euskal Herriko zenbait giza-kolektibitate berrasmatzen eta berrizendatzen ditu, hau da, zenbait komunitate imajinatu egiten ditu, guztiz eta zeharo zilegi izanda, are ihestezina, frogatzen duena errealitate hori ezin dela soilik enpirikoki enkapsulatu, errealitatea bera diskurtsoaren efektu dela.

Odriozalaren diskurtsoak sortu edo asmatzen duen errealitatean, abiapuntua  oinarriko herri edo nazio euskalduna da, hau da: herri etno-kulturala, nazioaren oinarriko izaera kulturala ematen diguna, are askapen-subjektu nagusia dena, besteak beste, euskalduna izatea segregazio eta umiliazioaren historia (izan) delako, etnozidioaren historia. Beste aldera abertzale erdaldunak ditugu, izan ere, abertzaletasunaren eta euskalduntasunaren arteko harremanak aztertzerakoan saioaren jomugan esplizituki kokatuta daudenak, eta populazioaren zenbait kalkulu kuantitatiboen arabera behartuta-edo nahiago dutenak nazioaren izaera politikoa azpimarratzea, ez oinarriko etnos euskaldun minorizatua, hizkuntzan sustraitua, civitas edo demos juridiko-politiko hiritar oro-hartzailea baizik, lurraldetasunean, balio zibikoetan, ongizate ekonomikoan … egituratua. Gero badaude beste zenbait azpi-oposaketa arestiko oposaketa nagusi horri modu batera edo bestera elkarlotuak egonik, saioaren bidegurutze edo atal nagusien eztabaidak hezurmamitzen dituztenak; hala nola, gutxi gora behera: euskal herri/nazioa (subordinatua) vs Espainiar/Frantsez estatuak (inperialista-koloniar autoritarioak); euskaltzale abertzalea (identitate kolektiboa) vs euskaltzale liberal-kulturalista (aukera indibiduala); herri euskalduna vs erdal herria / herri langilea (eskuin/ezker eztabaida)… eta azpi-kategoria hauen arteko nagusiena, berriz ere munduko antagonismo nagusi, egituratzaile, unibertsal eta zaharrenari lotuta: eskuin abertzalea eta ezker abertzalea; kontuz, hemen, hala ere: ez, eskuin abertzalea vs ezker abertzalea.

Gaur egungo eskarmentu politikoari begira, dena den, eta Odriozolak egiten duen bezala, herri edo nazio euskaldun zanpatuaren aldeko argudioa ‘kosta ahala kosta’ sostengatze aldera…

1- … zilegi al da Ezkerraren tradizioa erregionalismo etno-txobinista kolaboratzailearen zereginekin kolapsatzea? Ikuspegi horrek ‘abertzale’ hitzaren hala-nolako erabilera inplikatzen du. Zeren eta, adibidez, pairatu beharra dago, euskara dela (edo ez dela), (kultur)-politikagintza abertzalearen kategoria berdinean eta parez pare Jon Josu Imaz (180-85) Josune Aristondo (225-28.), Juan Jose Ibarretxe, (230-38) edota Xabier Arzallusen (239-41) ikuspegi ofizial klaudikanteak ezartzea Floren Aoiz, Arnaldo Otegi, edo, Odriozolaren hiztegia jarraituz, erakunde armatuarenekin; bidenabar, are eta gehiago, betiko iruzurrean eroriz: garai bateko Txomin, Peixoto eta Txikia bai euskaltzale paregabeak! bai jatorrak! Ez baina Frente Obrero-koak ezta gaurko nazio politikoaren aldekoak ere!

2- …zuzena al da (a) Ezkerraren egungo praktika preseski ezkerrekoa delako arbuiatzea eta  (b) irabazpen teoriko historikoak baztertzen saiatzea?

(a) Ederto, Odriozolak Antton Mendizabalen (171) ikuspegia errepikatzen digu Mendebal Europako Ezker nagusiari buruz oro ezkorra dena: “Europako ezkerreko zatirik handienak nazio-estatuetako burgesia inperialistaren ezpaleko sentiera eta pentsaera dauka.” Eta hala baldin bada ere, guri zer inporta zaigu, baina? Horregatik ukatu behar ditugu Ezkerreko balio unibertsalak: askatasuna, berdintasuna, elkartasuna…?  Honez gero ez al dakigu bada, ondo jakin gainera ezker hori, Slavoj Zizek filosofo Ert-europarraren hitzetan jartzeko, repelentea dela oro har, are galtzailearen nartzisismoan guztiz murgilduta dagoela (Palestina bai Palestinarretzat! Baita Bolivia ere herri indigenentzat! Baina Nepal maoista? Ez, ez, Nepal guretzat, gora Buda ta Himalaya!). Eta hurbilago begira, ez ote dira diseinuzko ‘ezker’ abertzale alternatibo, transbertsal, pluralista, tolerante, pazifista, feminista, ekologista, migrarizale, euskaltzale peto-peto edo dena delakoek galtzailearen nartzisismo repelentearen erreferente nagusia? Ez ote daude, are eta gehiago, inoiz eta inon eskuak zikindu gabe borroka polit guzien alde beti aho bete, inguruko nazio-estatuen indar zapaltzaileen ezpaleko?

Eta (b) orain erretrospektiboki iraganera begiratuta badago gai bat, alegia, ‘euskalduna Euskal Herrian bizi eta lan egiten duena da’ esaldiaren ingurukoa, aspalditik zurituta dagoena. Kontradikzioak kontradikzio (Oñatiko kuartelean lan egiten duen guardia zibila euskalduna ote? Eta ni ez Ingalaterran-edo bizi naizelako?) nago, hala ere, Ezkerrak  gizarteari eskaini dion erakarpen nagusienetakoa dela, ez  Odriozolak dion bezala murrizkeriaren eta sinplekeriaren ildotik bideratzen den neurri gabeko zentzugabekeria nabarmena. Orrialde berean (165) Emilio Lopez Adanen aipamenarekin datorkigu, izan ere, felipeei kontzesio ideologiko onartezina omen izan zela-edo esanez, batez ere kontutan hartuz gero Euskal Herrian bertan kontzientzia nazional frantsesa edo espainola duen jende langile asko dagoela. Atzoko eta egungo idar-korrelazioa zer nahi izanik, nik biba felipeak! diot hala izan bazen, baita felipe famatu horiek gaur egun Partido (Socialista Obrero) Español-ekoak badira ere! Hitz batez: gerora begira, Euskal Herriko herri euskaldunaren eta herri langilearen (erdal ala ez) arteko tentsioa ez da gauzatzen oposaketa-harreman zuzen baten bitartez, bigarren mailako kontradikzioa besterik ez da. Elkarrizketaren bidez elkar-eragiteko bidea beti dago irekita.

3- … eta ondorioz, ez al da filisteo samarra Ezkerraren osagai ‘erdaldun-arrotza’ gutxiestea, nolabaiteko euskaltzale liberal-kulturalista apolitikoen eta euskaltzale abertzale nonbait politizatuagoen artean ematen diren eztabaida sarritan patetikoak, hausnarketa eta kritikaren ardatz nagusitzat hartuz? Besteak beste, Jose Bergamin bakar batek, Eva Forest bakar batek, Alfonso Sastre bakar batek, Odriozolaren liburuan aipamen bat ere jaso ez dutenak, askoz ere gehiago egi(te)n dute, bai askatasunaren alde, bai justizia sozialaren alde, baita espainolez euskararen eta kulturaren alde ere, milaka happy slave à la Bernardo Atxaga edo Ramon Saizarbitoria baino! Gure baitan bizi den ahots ‘arrotz’ hori, poeta erreplublikarraren ahotsa, torturaren kontrako emakume militantearen suge mihi zorrotza, dramaturgoaren ohiu tragiko-kritikoa… gure ixiltasunaren tradizioa gainditzeko ezin bestekoak dira!

4-… beraz, ez al da murrizketa zalantzagarria oinarrizko antagonismoa euskal herri/nazio etnokultural subordinatua Espainiar/Frantsez estatu inperialista-koloniar autoritarioen aurka laburtzea? Arazoa, hemen, ez da Odriozolak “zertarako nahi (duen), hain justu euskalduna (den) aldetik, [euskal] nazio politiko arrotza? (116). Zer esanik ez, “kolonialismoak, jakina, hainbat aurpegi ditu!” (119) baina erantzuna bakarra da, izan ere: Politikoa! Zeren eta oinarrizko antagonismoa ezin daiteke bereziki kulturala izan, ezin daiteke kultur-berezitasunean oinarritu.  Aldiz borroka politiko partikular baten bitartez bideratzen da, Euskal Herrian, aspaldi denik ezaguna denez, itxura konkretu bat hartzen duena, horrela, era berean, gure borroka politiko partikularrean unibertso osoaren patua erabakitzen delarik.

Abertzaleak eta Euskaldunak liburua zehatz-mehatz dago bai antolatuta formaren aldetik baita edukia ardaztuta ere erdi-erdiko gai eta arazo baten inguruan: herri euskaldunaren patua zeharo miserablea izanik, alegia, “mamu bihurtu zaigu(la) herri euskalduna, ikusi eta ukitu ezin den izaki lurrinkorra” (33). Mamuek baina ez dute usainik, ez on ala txar. Eta izan ere, zerbait izatekotan etorkizunean herri euskaldun etniko-kulturalak zer eta mamu espektralaren lekunea bete beharko du, aitortu beharrezko ere izango ez dena, hau da, etorkizuneko estatu zibiko-politikoaren osagai erreal ez aitortua, are osagai pribatua, ikusi eta ukitu beharrik ere izango ez dena. Baina estatu politikoak berak inolako identitate-predikatu kulturalen beharrik ez du izango eta bertan bizi den oro bertakoa izango da. Edo bestela ez da estatua izango!

 http://basque.criticalstew.org/?p=4223
Zerk egiten gaitu euskaldun? Hizkuntza eta pentsamenduaz. (Berria. 2010-11-09; Gara. 2010-12-13)
By Andoni Olariaga Azkarate • Nov 8th, 2010 • Category: Azterketak eta Azalpenak

BERRIAn ateratako artikulua
GARAn ateratako artikulua

Filosofiak aspaldidanik dauka hizkuntzaren eta pentsamenduaren harremana egoki pentsatu ez izanaren arantza kendu ezinik. Eztabaida, honako binomiora murriztu du filosofiako akademiak: (1) hizkuntzak pentsamendua baldintzatu eta mundu-ikuskera bat ematen du, ala, (2) ez dugu hizkuntza partikularretan pentsatzen, baizik eta sakonean dugun hizkuntzarik gabeko pentsamenduan (mentalesean). Horrela, lehenengo hipotesiaren arabera, hizkuntzak pentsamendua moldatu/baldintzatu egiten du, eta mundu-ikuskera oso bat ematen digu. Akademiak ikuspegi horren aitzindari bezala jartzen ditu Sapir/Whorf erlatibista madarikatuak. Ordea, problema zaharra dugunez, aurretik, Humboldt, Wittgenstein, Heidegger, eta Steiner ere baditugu: eta hain urrun joan gabe, gure artean Txilardegi eta Joxe Azurmendi ere. Bigarren hipotesiari jarraituz, beraz, ez dugu euskaraz edo txineraz pentsatzen (adibidez), baizik eta pentsamenduaren hizkuntzan. Postura horren egungo defendatzaileak Steven Pinker neurobiologoa (ikus The Blank Slate) eta Jerry Fodor zientzialari kognitiboak lirateke (azkeneko honek asmatu zuen “mentales” hitza).

Arazo hau, beraz, txuri/beltz aukeretara murrizten da, bata besteari kontrajarriz. Zergatik? Filosofian dagoen kultura dogmatiko eskasak, gauzak argitu ordez, ikerketa mailak nahastu eta parekatzen dituelako. Logika horrekin apurtzen saiatuko gara, funtsezko galdera hau eginez: pentsatu, zertan pentsatzen dugu, euskaraz, ingelesez, espainolez,…; ala, aitzitik, hizkuntza partikularren gainetik omen dugun giza estruktura batekin? Pinkerren esanetan, mentalesez pentsatzen dugu, inolaz ez euskaraz edo eskimoz (baina bere mentales partikularra ingelesa da, badaezpada). Mentalesa gure hizkuntzaren kapazitatea mugatzen duen kanpo oskola litzateke; gramatika unibertsalaren pareko. Beraz, hizkuntza partikularrekin mentalesez pentsatutakoa baino ez genuke adieraziko. Hots, hizkuntza partikularra, mentalesez pentsatutakoa adierazteko tresna soila da. Horrela, Pinkerrek, hizkuntza ezaugarri konkretu batera lotu du. Hau da, hizkuntza komunikazio tresna soila da, hizkuntza konkretuek hizkuntza unibertsal batean dute beren jatorria… Hori bakarrik al da hizkuntza? Horrela bada, askatasuna esplikatzeko posibilitateak urriak dira.

Filosofiaren alor askotan bezala, diferentziaren (hizkuntza partikularrak) eta berdintasunaren (gramatika unibertsala) artean askatasunari tartea nola egin pentsatzea da kakoa. Hori, eta hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko lotura mailak bereiztea: alde batetik, maila formala edo sintaktikoa (gramatika unibertsala -Chomsky-), eta, bestetik, maila semantikoa edo hizkuntza partikularrak (eta sorkuntza -gezurra, metaforak…-; hizkuntzak ez baitu errealitatea ispilatzen, aitzitik, fikzioak sortzen ditu, gezurrak, egia eraikitzeko asmoz –Nietzsche-). Eta horrela, bataren hipotesiak (hizkuntza partikularretan pentsatzen dugu), ez du bestea ukatzen (pentsamenduaren hizkuntza dago), eta alderantziz.

Georg Steiner ongi ohartu da afera honetan aipatutako bi mailak bereiztea zeinen garrantzitsua den. Onar daiteke, teoria gramatika-transformatzaile generatiboak dioen bezala, zenbait estruktura formalek arau eta mugak ezartzen dizkiotela gizakiaren hizkuntz gaitasunari. Estruktura fisiologiko sakon hori (oraindik demostratu gabea) unibertsala da. Ongi. Baina kontuan izan behar da, estruktura hau neurobiologiaren subjektu dela, eta aldiz, lengoai partikularren eta pentsamenduaren arteko lotura pentsatzea, hizkuntzaren filosofiarena eta antropologiarena. Ondorioz, ez daude maila berean, eta ez dira ikerketa berdinen subjektu. Afera guztia, hortaz, bi mailak nahastean datza.

Horrela, hizkuntzaren kanpo oskola hizkuntza sortzea ahalbidetuko lukeen gaitasuna litzateke. Horrek ezin du askatasuna (errorea, gezurra, sorkuntza, hizkuntza desberdinak egotea…) esplikatu. Aldiz, hizkuntza partikular bakoitzak bizia ematen dio formaltasun horri, mundua artikulatzeko dituen ezaugarriekin. Hizkuntza partikularrak ahalbidetzen du askatasuna, beraz, hizkuntzaren gaitasuna efektibo egin dezakeena bera baita. Hizkuntzaren baitan izan gaitezke soilik askeak: hizkuntza -hizkera- sortu, eta haren barnean daramagu historia, nahiak, poesia, zientzia, kantak… mundu-artikulazio oso bat. Etengabe aldatzen dagoena baina bere baitan osoa dena. Hortaz, pentsamenduaren hizkuntzak hizkuntzaren kanpo oskola moldatzen badu, oskola hori hizkuntza partikular batek jartzen du martxan: eta pentsatu beraz, partikular horrekin egiten da. Horrela, determinismoaren kontra, hizkuntzak askatasuna ahalbitzen du (baita etika ere).

Eguneroko hizkuntzak eragin zuzena dauka pentsamenduan. Wittgensteinek zioen gure munduaren [pentsamenduaren, ulertu behar da] mugak gure hizkuntzarenak direla. Hizkuntza eta pentsamendua berdintzeak, ordea, ez du hizkuntza-determinismo bat suposatzen; alderantziz. “Izan ere, gizakia hiztuna da naturaz, (…) eta esentzialki den hiztun bezala pentsatzen du. Hizkuntzak harengan [pentsamenduan] eragina duela esatea, hura hizkuntzan geroz eta bere buruaren kontzienteago bilakatzen ari dela, esatea bezala da” (Azurmendi, J. Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua. 82. orria.)

Esan daiteke, hortaz, identitate indibidual, kolektibo eta giza espeziearen oinarria norberaren hizkuntza(k) d(ir)ela. Izan ere, pentsatu (sentitu, hitz egin, eta abar) gogaera unibertsalean egiten badugu, aberastasun eskasa geratzen zaie hizkuntza partikularrei. Berdin al da, ba, “maite zaitut” eta “te quiero”? Teoria unibertsalista gramatikalen atzean monolinguismoaren gorazarrea usain daiteke. Horren kontra, esan behar da hizkuntza bakoitzak bere modura ahalbidetzen duela giza askatasuna, hizkuntza bakoitzak bere askatasun modua. Hortaz, identitatea hizkuntzak sortzen du. Izan ere, zerk egiten gaitu euskaldun? Historiak bakarrik ez gaitu egiten, ez baitauka zentzu intrintsekorik, eta berdin etniak (arrazak) edo Estatuak. Ez dago euskal dei daitekeen esentzia eterno eta absoluturik. Baina, hala ere, euskaldun garela badakigu. Zergatik? Zerk egiten gaitu euskaldun? Euskarak.

http://basque.criticalstew.org/?p=3498
Unai Apaolaza Filosofian lizentziatua
Nor da euskalduna?

Euskaldun egiten gaituena sentimendua eta borondatea dira. Borondateaz eta sentimenduaz beste, ez dago naziotasunerako derrigorrezko, nahitaezko inongo baldintzarik

Ekainaren 6an egunkari honetan bertan argitaratu zidaten «Euskal identitatea: Eraikitzen delako `da’» artikuluaren osagarria da artikulu hau. Aipatu artikuluan euskal identitatea (naziotasuna) borondatea eta faktore objektibo dinamikoen (hizkuntza, kultura…) arteko elkar eragiteak sortutako eraikuntza zela nioen. Iritzi artikulu honetan, berriz, identitate hori eraikitzeko, euskalduna (euskal nazioko kide) izateko, zer elementu diren derrigorrezko argitzen saiatuko naiz.

Jarraian ariketa bat proposatzen dizuet; minutu bat hartu eta saiatu izenburuan dagoen galdera erantzuten. Ziur aski, erantzunak era askotarikoak izango dira. Nik, batek baino gehiagok pentsatutako eta paradigmatikotzat jotzen ditudan hiru erantzun posible aztertuko ditut; horien bitartez joera orokor bat kritikatzeko.

Lehenengoak, euskaldun egiten gaituena euskara dela esango digu, bigarrenak historiaren interpretazio batek egiten gaituela euskaldun eta hirugarren aukerak Euskal Herrian lan egin eta bizi dena euskalduna dela diosku.

Euskara dakiena euskalduna da. Ikuspegi soziolinguistikotik bistakoa da, besoa moztuta duena besamotza den moduan. Baina ikuskera honek naziotasunaren giltza hizkuntzarengan uzten du, euskara ez dakiena euskal naziotik kanpo utziz. Bigarren ikuskera konplikatuxeagoa da azaltzeko, baina alor diskurtsiboan askotan normaltzat ematen da. Esango diguna da historiaren interpretazio batean oinarrituz (oso legitimoa dena), euskalduna izateko hau edo bestea izan behar dugula. «Euskalduna izateko nafarra izan behar zara» edo «Euskalduna foruzalea da edo bestela ez da euskalduna». Azkeneko ikuskerak, berriz, Euskal Herrian lan eta bizi den oro euskal nazioko kide egiten du; beraz, guardia zibilak ere bai.

Nire ustez, hiru ikuskera hauek hankamotz gelditzen dira. Zergatik? Pertsonen borondate eta sentimenduak kontutan hartzen ez dituztelako; hau da, naziotasunerako baldintzak a priori jartzen direlako. Euskaldun sentitzen den bati inork ezin dio esan euskalduna ez denik euskara ez dakielako, edo nafar edo foruzale sentitzen ez delako, edo Euskal Herrian bizi ez denez bertan lan egiterik ez duelako.

Orduan, zer da euskaldun egiten gaituena? Noiz esan genezake norbait euskalduna dela? Euskaldun egiten gaituena sentimendua eta borondatea dira. Borondateaz eta sentimenduaz beste, ez dago naziotasunerako derrigorrezko, nahitaezko inongo baldintzarik. Hau da, denok gure identitate nazionala ez dugu elementu berdinekin eraikitzen eta ez diegu inportantzia bera ematen. Hala ere, badaude gehiengoak horrela dela onartzen dituen faktore oso indartsu batzuk, hizkuntzarena kasu.

Bukatzeko, naziotasuna gauzatzeko aldez aurretikako baldintzak jartzea abertzaletasunaren estrategietarako kaltegarria dela iruditzen zait. Jarraian hau azaltzen saiatuko naiz.

Nazionalismoa, nazio baten biziraupena bermatzeko programa politikoa bada, abertzaletasunak (euskal nazionalismoak), euskal nazioaren biziraupena bermatzea izango du xede. Bide horretan estrategia ezberdinak erabil ditzake estaturik gabeko nazionalismoak; aukera nagusiak federalismoa, autonomia eta estatu propio baten, independentziaren, hautua direlarik. Nazio bateko nazionalistek federalismo edo autonomiarekin beraien nazioaren biziraupena eta garapena ziurtatzen dela baderitzote, arraroa litzateke independentziarako hautua egitea. Hala ere, hau gertatzen den kasuak urriak dira munduan.

Gure kasuan, abertzale gehienek jada bat egiten dute autodeterminazio eskubidea bere baitan ez duen eta lurraldetasunari iskin egiten dion autonomiak euskaldunon etorkizuna segurtatzen ez duela esaterakoan (ezker abertzaleak orain 30 urte esan zuen bezala). Beraz, abertzaletasunaren gehiengo batek euskal estatu bat, independentzia, ikusten du nazioaren biziraupena bermatzeko bide bakar bezala. Horrela, 2010eko Euskal Herrian, euskal nazioko kide sentitzen dena, portzentaje handian independentista da. Honekin ez dut esan nahi euskalduna denak, independentista izan behar duenik ezinbestean, horrela egingo banu lehenago kritikatu dudana onartzen ariko bainintzateke. Iradoki nahi dudana da euskaldun sentitzen denetatik portzentaje altu bat independentista dela, besterik ez. Eta hau garrantzitsua da, kontutan hartzen badugu independentzia lortzeko oinarri-oinarrizko baldintza, jendarte konkretu bateko gehiengoa proposamen horren alde egotea dela.

Horrela, naziotasuna baldintza zurrun eta aprioristikoen bidez zedarritzeak euskal nazioko ateak ixten dizkio jende askori, eta, ondorioz, abertzaletasunaren gaur egungo estrategia nagusia den independentismoari ahalmena murrizten dio. Independentziaren alde egon gaitezke arrazoi linguistikoak, etikoak, historikoak, ekonomikoak, kirol arlokoak… dela eta, baita horien guztien nahasketa bategatik ere. Beraz, arrazoi guztiak dira legitimoak. Ezin dugu independentziarako potentzialtasuna garbikeriaren izenean edo aurrebaldintzak direla eta murriztu.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude