Edurne Koch. UEUren Nafarroako arduraduna

EdurneUdako Euskal Unibertsitateak (UEU) aspaldi zabaldu zuen eskaintza gainontzeko urtaroetara. Udaberri emankorra ari da izaten Iruñeko euskal agendan, eta UEUko lagunek haien alea jarriko dute. Horretarako maiatzaren 10, 11 eta 12an Ikergazte kongresua antolatu dute. Honen berri izateko jo dugu Edurne Kochengana.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Euskararekiko maitasuna txiki txikitatik transmititu zidaten etxean, nahiz eta ama hizkuntza izan, aitak ardura handia izan zuen horretan eta euskal kulturaren transmisioan indar handia jarri zuen. Horrela, ikastoletan hazi eta gerora inguru euskaldunak bilatu izan ditut beti. Horren froga, euskaraz bizitzeko hautua egin izana da, beti euskara bultzatu duten lan postuetan egon naiz (Euskaldunon Egunkarian eta UEUn), inguru euskaldunean bizi naiz eta seme alabei noski, D eredura eramateaz aparte, euskararekiko maitasuna transmititzen saiatzen natzaie.

UEUk urte batzuk badaramatza martxan, eta orain bizi-bizi zabiltzate, zer duzue esku artean?

Aurten 45. urtea izango da UEUn Udako ikastaroak urtero urtero antolatzen gabiltzala. Frankismoaren garaian iparraldean hasi, gero urte askotan Iruñean jarraitu eta azken urteetan EHko kokapen desberdinetan eskaintzen ditugularik. Azken bi urteetan Nafarroan indar berezia jarri dugu, lurraldean pasatako garaiek gainbehera batera eraman gintuztelako. Ikasturte honetan eskaintza propioan 8 ikastaro eskaini ditugu eta azken urteetako erantzunik hoberena jaso dugu, bai parte hartze aldetik zein balorazio aldetik. NUPekin ere iaz elkarlan hitzarmena sinatu genuen eta Nafarroako Hezkuntza departamentuarekin ere elkarlan hitzarmena sinatzear gaude. Ikergazte ere Iruñean eskaintzearen erabakia ez da kasualitatezkoa, aipatutako apustu honen baitan kokatu behar dugu.

Zer da Ikergazte?

Ikergazte kongresuak Ikertzaile euskaldunon biltoki izateko helburua du. Alor desberdinetako ikertzaileak bildu eta elkarren arteko ezagutza partekatzeko unea da. Proiektu honen helburua ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotu, beraien arteko ezagutza sustatu eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea da. Nolabaiteko sarea egiteko jaio da kongresua eta euskaraz ikertzen dela erakutsiko du. Lehenengo kongresua 2015ean egin zen Durangon eta oso arrakastatsua izan zen.

Zer egitarau antolatu duzue? Gure irakurleek parte hartzerik izango dute?

Egitarau akademikoaz aparte, egitarau kultural zabala izanen dugu. Egitarau zabal hau egin ahal izateko gainera, bertako euskararen eragile ugarik parte hartuko dute, hala nola: Landare, Labrit tours, Txinparta, Peñak, Zaldiko, Karrikiri, besteak beste. Kongresua barnetegi moduan planteaturik dago, ikasleak kongresutik atera eta elkarrekin jarraitzeko eta harremanak sendotzeko aukera zabala izanen dutelarik. Hitzaldi orokorrak, aurkezpenak eta tailerrak egongo dira, eta hiru egunetako egitarau osoak lerro hauetan kabidarik ez dutenez,  Ikergazte.eus atarira sartzeko gonbitea luzatuko nieke irakurleei. Argitu ere, gradu amaierako lana egiten dabilen edonori irekita dagoela kongresua, edo ikerketa lan talderen batean dagoen edonori…

Amaitzeko, proposamen literario edo musikalik baduzu gure irakurleendako?

Maiatzaren 10ean izanen dira saio kultural gehienak, eta horietako bat publiko orokorrari zabalik egongo da: “Gure (zinemaren) sorlekua”: Euskarazko lehen filmean oinarritutako ikerketa eta dokumentala. Emanaldi honetan GURE SORLEKUAREN BILA 70 minutuko dokumentala eskainiko da eta ikertzaile- zuzendariarekin solasteko aukera egongo da.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude