Begoña Bados.

AEK-ko irakaslea

Irakaslea Iruñeko Euskaraldiko talde eragilean aritu da burubelarri hilabeteotan. Eman al ditu ariketa sozialak berak esperotako fruituak Iruñean?

Zerk bultzatu zintuen Euskaraldiko batzorde edo talde eragilean aritzera?

AEK sustatzaileen artean egonik ezinbestekoa ikusi dugu Iruñerrian sortu diren taldeetara jendea bideratzea. Horrez gain, hainbat herritan lehenago abian jarritako esperientziak ezagutzen nituen eta oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Euskal Herri mailako ariketa honen berri izan nuenean parte hartu behar nuela argi izan nuen.

Hilabeteotako lana eta giroa ikusita, espero al zenuen Euskaraldian gertaturikoa?

Lanean hasi ginenean ez dakit zer pentsatu nuen; baina gerora bai, giroa somatu egiten zen inguruan, lan itzela egin baita hainbat auzo eta herritan. Komunikazio kanpaina ikaragarria egin du Topaguneak emaitza ona jaso ahal izateko.
Zerk deitu dizu arreta Euskaraldian? Auzo bateko formazio saioan, adibidez, topatu genuen kontzientzia mailak. Parte hartzaile guztiak ahobiziak ziren, eta hainbat egoeratan nola jokatuko luketen galdetzean ahobizi jarrera argia erakutsi zuten, ariketarako oso prest zeuden, hasia zutela esanen nuke nik.

Nola bizi izan duzu zuk pertsonalki ariketa?

Egunerokotasunean ahobizia izaten saiatzen naiz, erraztasunak ditudala uste dut; euskaraz lan egiten dut, etxean euskaraz egin dezaket eta kuadrilla euskaldun batzuk ditut. Hala ere, ezezagunekin euskarari eustea besteak ulertzen ez duela esan arte da nire erronka, eta horretan zentratu naiz ariketan; edo saiatu naiz, behintzat. Gaia landu izan dut lehenago. Ez dut ehuneko ehunean lortu baina esperientzia
pozgarriak izan ditut.

Uste al duzu eraginik izan duela Euskaraldiak orokorrean jendarte euskaldunaren hizkuntza ohituretan?

Jende askori klika egiteko balio izan dio. Euskal Herrian bada hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituen jende asko eta ariketa kolektibo honek behar zuen hauspoa eman dio. Inkestek agian esanen digute norainoko aldaketa gertatu den. Nik esperientzia arrakastatsu eta etsigarrien berri izan dut baina zerbaiten hasiera gisa ulertu behar dela uste dut. Gainera, eragin guztia oraindik ez dugu nabaritu. Kanpaina honetan belarriprest rola hartzen ahal zuen jende guztiarengana iritsi ez bagara ere, asko dira soinean txapa hori jarri dutenak, eta ziur naiz, orain, euskaltegian jarraitzeko edo hasteko motibazioa sortuko zitzaiela. Izan ere, ariketa egin ondoren euskaraz aritzeko aukeraz hausnartzeko parada izan baitu jendeak.
Euskaltegietako matrikula kopuruek gora egin beharko dute urtarrilean edo hurrengo ikasturtean, orduan ere ikusiko dugu eraginik izan duen.

Ba al duzu Euskaraldiaren harira bizitako anekdota politik?

Lagunek barre eginen lukete beti hiri garraioari buruz hizketan ari naizela esaten didatelako, baina han gertatutako pare bat kontatuko dizkizut.
Lehenengoa orokorra da; egunero erabiltzen dut autobusa eta euskaraz agurtzeko ohitura daukat. Ariketa hasi zenetik agurtzeaz gain, barkamena eskatu, tokia eskaini, pasatzeko baimena eskatu, dena euskaraz eta naturaltasunez egiten saiatu naiz.
Eta bigarrena: Aspaldiko ikasle bat ikusi ohi dut autobusean; ez dugu euskaraz hitz egiteko ohiturarik, ez zuela ulertzen uste nuen nik. Ariketaren hirugarren egunean berarekin topatu nintzen, ni bikotekidearekin nindoan, belarriprest txapa soinean; bera alabarekin, txaparik gabe, txapa erakutsi eta euskaraz hasi nintzaien. Behin hasierako isiluneak gaindituta, elkarrizketa elebiduna mantendu genuen normaltasun osoz, nik euskarari eutsi nion.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude