Barrutik kanpora, etenik gabe

Etenik gabe, hemen gaude. Irailak martxan betean harrapatu gaitu. Egoera aldrebes honetara egokitzen ikasten ari gara eta gure proiektua eskaintzen jarraitu nahi dugu. Pausuz pausu, aitzina beti.

Uda aurreko Karrikan musika gomendioen atalean lekuko pasatzea izan genuen: urtetan Amaia Lasa lagunak egindako lanari Areta Senosiainek eman zion segida. Eta zenbaki honetatik aurrera, zinten txokoa Patxi Huarte Zaldi Eroak Adur Larreari utziko dio.

Urte askotako lanaren ondoren atsedena eskatu digute eta guri eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Mila esker urtetan egindako lanagatik.

Urte asko izan dira, batzuk oso gogorrak gainera. Gure bihotzetatik, eskerrik asko biei. Karrikiriko ateak beti zabalik izanen dituzue. Aurrera jarraitu nahi dugu ideia zahar eta berriekin. Bidelagun nahi zaituztegu. Eta bide batez, ongi etorri Adur eta Areta!

Agian melosoegi ari gara jartzen, baina uda zeharo konplikatu honetan guregana hurbildu zaretenoi eskerrak eman nahi dizkizuegu. Mila esker zuei ere. Xabier Karrika 4ko denda txukuna zapaldu duzuenoi, bazkide egin zaretenoi, online erosi duzuenoi (denda.karrikiri.eus eta sare sozialetan), ikastetxeetatik eginiko eskaerengatik, liburutegietara joan diren bidalketengatik eta batez ere beti alboan zaituztegun lagun zintzoei.

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan: Buruak eta gorputzak martxan jarri ditugun honetan. Euskaraldia agertuko zaigu begien aurrean, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izanen da. Aurten norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu ariguneen bidez. Auzoetan eta herrietan batzordeak martxan daude, eta karrikirikideok bertan ari gara parte hartzen. Zuk ere lagundu nahiko bazenu jarri gurekin harremanetan edo Topaguneko lagunekin bestela.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude