Barrutik kanpora, aurrera begira (Karrika 246)

Hemen gaude. Egun eta gau ilunenak amaitu direla dirudi. Aurretik zer datorkigun ezin jakin. Baina serio eta elkarrekin egingo diogu aurre. Orain arte bezala. Euskal kultura eta euskaraz bizitzeko nahia elikatzea eta bultzatzea da gure ametsa. Eta horretarako lagun eta adiskide asko ditugu gure alboan. Haiekin, zuekin, aurrera eginen dugu.

Biziki eskertu nahi dugu aste hauetan gure proiektuari eman diozuen sostengua. Bazkide fidel eta erabiltzaile zintzo. Ateak ireki eta harrera beroa egin diguzue. Online bidezko salmentek arnasa eman digute. Eta ematen digute: denda.karrikiri.eus. Euskal kulturaren eskaintza oparoa topatuko duzu bertan. Ezagutu eta zabaldu.

Eta orain zer? Burua altxa, begirada luze eta pausuz pausu abiatuko gara. Zerbitzuak martxan ditugu, online bidezko mugimendua inoiz baino hobeki. Dendako ateak zabalduko ditugu, segurtasun neurri guztiekin. Zatoz eta elkarrekin eginen dugu bidea.

Bestalde, 2. Euskaraldia dugu zerumarran. Azaroaren izanen dugu, 15 egun iraunen du eta aurtengoan Ahobizi edo Belarriprest izango garen pentsatzen hasteko une egokia da. Euskaraldirantz pausuak ematen hasi gara, Topaguneko adiskideekin, Iruñeko auzoetako taldeetan parte hartuz. Zuri ere bertan partzeko gonbidapena luzatu nahi dizugu.

Bitartean, lanean ari gara, eta berrikuntzekin: TTAP aldizkarian kolaborazioak egiten hasi gara. Liburu eta musika gomendioak egingo ditugu. Bideo gomendioen bide berri bat abiatuko dugu. Gure lagunek parte hartuko dute bertan, kolaborazio talde bat badugu… Zuk ere libururen bat gomendatu nahiko bazenu (ez du inporta berria edo klasikoa den) jarri gurekin harremanetan.

Bukatzeko, iazko San Ferminetarako kamiseta sorta bat atera genuen, horietako batean zera zioen, Festetan xexenak mendian. Ez dugu argi nolako festak izanen ditugun aurtengoan, baina leloak asmatuko duela ematen du… baina kamixeta dotorearekin Iruñeko karriketan barna ibiltzeko aukera izanen dugula espero dugu.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude