Antzerki tailerrean izena emateko azken egunak!

Heldu den astean hasiera emanen diogu helduendako eta euskaraz antolatu dugun Antzerki tailerrari.

Azken egun hauetan zehar talde polita osatu dugu, baina oraindik ere despistaturen bat apuntatu nahi badu, badugu lekua. Pasa zaitez Karrikiri euskal dendatik eta eman izena!

Jaione Urtasun gure irakaslea ongi pasatzeko eta denok batera antzerki munduan murgiltzeko irrikitan dago! Azken Karrikan elkarrizketatu genuen. Hurrengo postan elkarrizketa osoa uzten dizuegu. Disfrutatu!!

IMGP5456

 

Antzerkia afizio eta ofizio duen neska gazte honek bere burua aurkeztu zuen Karrikirin antzerki talde bat gidatzeko prest zegoela esanez. Elkarteak bitartekari lana egin eta urtarriletik aurrera Helduentzako Antzerki Tailerra jarriko du martxan. Haren berri eta tailerraren nondik norakoak ezagutzeko asmoz solasaldi goxoa izan genuen; hementxe pasarte batzuk.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Nik ikastolan ikasi nuen euskara. Guraso erdaldunak ditut, etxean erdaraz egiten genuen.  Aitona-amonak Zaraitzu aldekoak ziren, Eaurta eta Otsagabiakoak. Euskaraz bazekitela uste dut, baina beraien artean gaztelaniaz aritzen ziren eta gurasoei ez zieten erakutsi.

Jaso ikastolan eta Iturrama Institutuan egin nituen ikasketak. DBHn euskara irakasle on bat izan nuen. Hobe esateko, euskara ematen zuen irakasle on bat: Andoni Sagastibeltza. Beti ari zen abesti eta jokoak antolatzen, kantu txapelketara joaten ginen… Asko disfrutatzen nuen, nire ikasgai gustukoena zen Euskara. Euskal Filologia ikastekotan egon nintzen, baina antzerkigintzaren bidea hartu nuen.

Asko zor diet gurasoei eta egin zuten apustuari. Leku eta talde ezberdinetan aritu naiz lanean, eta ia gehienetan euskara jakiteari esker lortu dut bertan egotea. Esan daiteke, euskara dakidalako bizi naizela antzerkigintzatik Nafarroan.

Karrikirik duen lan poltsari esker lana ere izan dut urte askotan. Laguntza klaseekin hasi nintzen mutiko batekin eta gero hainbat urtetan jarraitu nuen berarekin.

Antzerkia duzu ogibide:

Antzerki eta antzerkigintzatik bizi naiz. Oraintxe bertan Jesuitasen eskolaz kanpoko klaseak ari naiz ematen, NUPen ere talde batekin ari naiz, Mendialdea eskolan Dindaia elkartearekin, Tafalla Ikastolan eta Uxue herrian.  “ La Piel” taldeko partaide naiz eta “Palabras Encadenadas” ari gara antzokiratzen. Besteak beste, urtarrilaren 17an Mutiloan eta 18an Tafallan egongo gara. Gainera, Zaragozako talde batekin Almozandiarekin ere banabil. Ume animazioa egiten dute. Arazo bat zuten: euskararik gabe Ebrotik gora ekitaldia lortzea konplikatzen hasi zitzaiela eta euskarazko talde propio bat sortu zuten eta haiekin sartu nintzen. Haien delegazio baten modura ari gara hemen.

Noiztik zabiltza antzerki munduan?

Beti aritu naiz antzerkian. Txiki txikitatik, beti gustatu izan zait kantatzea, Zazpi urtez geroztik antzerki eskolara joan naiz. 16 urterekin, pailazo bikote bat genuen “Pantxo eta Pantxa” eta han joaten ginen jaunartze eta urtebetetze ospakizunetara.  Bilbon aritu nintzen ere ikasketa profesionaletan. Hainbat kurtso eta ikastaro egin ditut azken urteetan. Iaz, Ander Lipusek emandako batetik sortu zitzaidan helduentzako antzerki tailerra sortzeko ideia. Anderrek esan zuenez, Nafarroako Antzerki Eskolaren 25 urteetan lehenbiziko aldia zen aktore profesionalentzat euskarazko ikastaro bat antolatzen zela bertan. Kuriosoa izan zen, hiru ikastaro antolatu zirela, bat euskaraz eta bi gaztelaniaz, eta soilik euskarazkoa atera zen aurrera.

Ander Lipusen komentario batek Antzerki Tailer bat antolatzera eraman zaitu?

Aipatu zuen ideia horretatik tiraka, aktore profesionalak edukitzeko, lehenago oinarri bat eduki behar dela uste dut, beharrezkoa da euskarazko helduen antzerki masa kritiko bat. Eta hori falta dela iruditzen zait. Behetik eta xume hasi behar da hori dena sortzen.

Karrikira jo nuen horretarako, banekielako ekintza eta ekimen ugari antolatzen zirela bertan. Harremanetan jarri gintuzten Oier Zuñiga, Zoila eta hirurok, eta brainstorming eta bilera batzuen ondoren argitu genuen gaia nondik nora joango zen. Antzerki tailerraren bidea egokiena zela iruditu zitzaigun. Leku bila hasi eta berehala topatu genuen ordu eta leku egokia. Urtarriletik ekaina arte Kondestablen, ostegunetan arratsaldeko zazpietan. Nik eramango dut tailerra, Oier eta Zoilak denborarik ez dutelako. Hala ere, aurrerago eta dena ongi badoa, oso aberasgarri ikusten dut haiek edo besteren batek laguntzea, oso interesgarria delako ikuspuntu ezberdinetako jendearekin lan egitea.

Tailerrean parte hartu nahi duenari lehenago antzerki munduan ibili izana eskatuko diozue?

Ez, ez da beharrezkoa izango. Tailerraren planteamendua zehazteko bileratan erabaki genuena zera izan zen, euskararen oinarrizko jakintza bat edukitzea. Tailer hau ongi ateratzen bada, eta gero aukera badago, zerbait  pentsatu daiteke euskara ikasten ari direnentzat.

Ez dugu metodo arraro eta zailik aplikatuko, ez Stanislavski, ez Cristina Rotaren eskolako teknikarik. Jolasteko eta ongi pasatzeko ariketekin egingo dugu dena. Hain zuzen, horrela ulertzen dudalako antzerkia, jolasaren antzeko zerbait bezala. Adibidez, antzeztu aditza ingelesez ‘to play’ da eta frantsesez ‘jouer’. Ongi pasatzea izango da helburua.

Amaitzeko gomendio musiko-literariorik?

GOR diskoetxeak 25. urteurrena ospatzeko atera duen abesti bilduma aipatuko dut. Gurasoek Arrosadia auzoko Mochuelo taberna daramate, GOR diskoetxeak bulegoak izan dituen ondoan, eta oso harreman ona izan dute beti haien artean.  Elkarri lagundu izan diogu. Gogoratzen dut ikastola garaian Gorka Urbizuri elkarrizketa bat egin niola eta guzti. Horixe beraz nire gomendioa: ‘GOR 25 URTE 25 ABESTI’ diskoa.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>