Adur Larrea

Bilbon jaio eta bertan hazitako marrazkigilea dugu Adur Larrea. Lapurdiko kostaldea hautatu du bizileku orain, aspaldidanik Ziburun bizi baita. Karrikiriren laguna, eta baita Iruñearen eta iruindar askorena ere, hemendik aurrera Karrika berripapereko kolaboratzailea izanen dugu. Biziki poztu gaitu gure proiektura batzeak. Adur, Argian dabil kolaboratzaile, eta zenbait obraren egilea ere bada: Gabriel Aresti BioGrafikoa (Erroa 2015), Antzara eguna (Txalaparta 2019), besteak beste. Hura hobeki ezagutzeko, galdera batzuk luzatu dizkiogu, eta hemen erantzunak. Ongi etorri Adur!

Zein da zure esperientzia pertsonala euskararekin?

Bilboko kalekumea izanik ere eskolan, “Eusquereños” ginen askorentzako… Geroztik, neure bizitzako afera guztiak, euskaratik abiatuz egiten saiatzen naiz.


Zaldi Eroaren lekukoa hartuko duzu. Kateak ez du etenik. Ze inpresio?

Zaldi Eroak bere tokia niri laga izana ohorea (susmagarria!) da… halere plazerrez hartuko dut, noski, eta iraileko ale honetatik aitzina ekinen diot gogo biziz. Berak 23 urte luze hauetan zehar ezarritako mailari eustea izanen da zailena!


Zergatik ilustratzaile?

Karrika aldizkarian komiki-zinta egiteko!

Karrika irakurleendako agur mezurik?

Iraila da maiteak, mahats usaina da airean, hostozko tunel bat daukagu aurrean!

Amaitzeko, baduzu liburu edo musika gomendiorik?

Zaila egiten zait gomendio orokorrak egitea, norberak bere filiak eta fobiak baititu. Nik neuk, etxean, bazter zokoan ahantziak ditugun liburu, komiki edo diskoei bigarren aukera bat ematearen aldekoa naiz. Nola ez, liburutegian diren liburuak expurgotik libratzen baditugu aise hobeki! Norbaiti balio badio, hala ere, hauexek dira azken sasoian irakurritako (eta gustatutakoen) batzuk: Migel Marmol hamaika eta bat jaiotzak (Dani Fano) komikia, Zintzoen Saldoan (Jon Alonso) eleberri poliziakoa eta Niko Etxarten edozein disko buklean.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude