Karrika 176. 2014ko urtarrila

Euskaraz nonahi, hemen ere bai!

Urte berri on Karrikiri elkarteko bazkide eta Karrika aldizkariko irakurle zareten guztioi!! Zer moduz hasi duzue 2014 urtea? Gogotsu? Asmo berri pila burutzeko prest?

Karrikiri Euskaldunon Topagunean indartsu gabiltza eta urteari hasiera ezin hobea emateko duela jada zenbait urte martxan jarritako Establezimendu Euskaldunen Zerrenda  edo liburuxka jada prest dugu. Bertan ziren saltoki eta zerbitzuen gaurkotzea egin dugu azken hilabeteotan eta abenduko Karrikan eskuratuko zenuten alean harrera euskaraz egiten duten establezimenduak aurkituko dituzue auzoz auzo eta herriz herri.

Baliteke baten bat akaso bidean utzi edo saltoki berriren bat datozen hilabeteotan zabaltzea. Horrela bada, zuen laguntza eskatu nahiko genuke urtetik urtera zerrenda osatuz joan gaitezen. Beraz, bertan ez dagoen denda edo zerbitzuren bat ezagutuz gero, jarri gurekin harremanetan bulegoa@karrikiri.org posta elektronikoan eta eman iezaguzu horren berri. Gogoan hartu eta hurrengo urteko alean sartuko dugu.

Eta bitartean, gogoratu “Euskaraz nonahi, hemen ere bai” logotipoa ikusten duzuen tokietan euskaraz harrera eginen dizuetela; beraz, badakizue, lehenengo hitza euskaraz. Ongi ibili!!

Eta Establezimendu Euskaldunen Zerrendarekin batera, Karrikiriko gainontzeko zerbitzuek ere aurrera darraite (Lan Poltsa, Pisukideak, Itzulpegintza, Denda Mugikorra, e.a.), beraz gurekin lan egiteko gogorik baldin baduzue, hurbildu Xabier karrikako gure egoitzara.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu, bestalde, Eguberrietako kanpainan Karrikiri dendara etorri zareten guztiei, izan ere zuen erosketekin bultzada polita eman baitiezue gure zerbitzu eta egitasmoei. Esker mila bihotzez!!! Gogoratu urtean zehar ere Xabier karrikan gaudela nahi duzuenerako.

Eta ahaztu baino lehen, abendu partean atsedena hartu ondoren, urtarrilean berriro helduko diogu Karrisolasa ekimenari eta oraingoan Aitor Txarterina Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko kideak egindako “Euskal antzerkia nafarroa garaian: underground” testua hartuko dugu hizpide. Gogoko baduzue, hurbildu gurekin batera solastera. Hitzordua urtarrilaren 22an izanen da 19:00etan Karrikiri dendan.


Dabid Anaut. “Euskararen kate hautsiak”

Pasa den azaroan Euskal Memoriaren Fundazioak bultzatu eta Dabid Anaut filologoak eta euskara teknikariak idatzitako “Euskararen kate hautsiak” liburuaren aurkezpena egin zen. Mila orrialde inguruko lan mardul honetan euskararen kontrako jazarpenaren kronika eta euskalgintzak egin duen lanaren berri biltzen dira eta horretaz guztiaz Anautekin solasteko aukera izan dugu.

 Zerorrek idatzi, baina hainbat lagunek egin dute ekarpena, ezta? Zer aurkituko du irakurleak?
Liburuak bi ardatz nagusi dauzka. Ardatzetako bat euskararen zapalkuntza da, euskararen historiaren alderdi ilun eta mingarri hori; beste ardatza, nolabait esateko, zapalkuntza horren ifrentzua izanen litzateke: euskararekiko atxikimenduak eta zapalkuntzaren aurkako erreakzioak sortu duten auzolana, euskalgintza alegia, euskararen defentsarako mugimendu sozial indartsu eta aberatsa.
Irakurleak bi ardatz horien inguruko informazioa, kronikak, gertaerak, kronologiak,
lekukotasunak, gogoetak eta abar aurkituko ditu. Bi gaiak, bestalde, testuinguru jakin batean gertatu dira, eta bilakabide historiko jakin batean, eta horiek ere ekarri nahi izan ditugu lanera.

Euskal Memoriaren Fundazioak sustatutako liburua da. Nola sortu zen lan hau egiteko ideia eta zeintzuk dira xedeak? Nori zuzenduta dago?

Euskal Memoria Fundazioa oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari da azken urteotan. Aurretik beste ardatz eta gai batzuk landu ditu, frankismoa edo tortura esate baterako, eta aurten euskararen oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ekarpen bat egitea erabaki du, hor ere hutsune handi bat zegoela ikusi zuelako.
Fundazioaren helburua euskararen oroimen historikoaren inguruko informazioa eta
dokumentazioa jasotzea, ordenatzea eta zabaltzea da. Gertatu dena jaso eta deskribatu,
paperezko nahiz ahozko lekukotasunekin hornituta, denon esku uzteko. Herritarrei oro har zuzendutako lana da, nahikoa baita euskararen eta oroimen historikoaren gaineko interesa edukitzea liburua irakurtzeko.

XX. mendeko testigantzak nabarmentzen badira ere, historian zehar eman den euskararen kontrako zapalkuntza ere islatzen da. Zer izaten ahal da ezezagunagoa euskaldungoarentzat? Kontziente al gara mendez mende gainditu ditugun oztopoez?
Euskararen zapalkuntzaz ari garela, frankismoa etortzen zaio jende askori gogora,
zapalkuntzaren eredurik ezagunena eta bortitzena izan delako. Euskararen jazarpena, ordea, eta zoritxarrez, hori baino lehen hasi zen eta frankismoarekin ere ez zen bukatu. Gure historia osoan zehar mantentzen den ardatza da, egun ere agortu ez dena. Ziur asko mendez mende gertatu den horren kontzientzia garbirik eta zehatzik ez dugu , akaso ezta gaur egungoaz ere, ez behintzat behar bestekoa. Horregatik egin da, besteak beste, lan hau, ezagutza eta kontzientzia hori osatzen lagunduko duelakoan.

Gaur egun oraindik ere darraien zapalkuntzaz gain, euskalgintzak egindako lanaren berri ematen da liburuan. Zer nabarmenduko zenuke?
Zailtasunak zailtasun, herri honek bere hizkuntzari eusteko izan duen grina, eta euskararekiko atxikimendua. Horrek sortu du euskalgintza. Euskararen aldeko korronte zabal hori norbanako askoren ekarpenaz osatu da, baina nik mugimenduaren izaera kolektiboa eta auzolana nabarmenduko nituzke. Azpiko bulkada batek, euskararen aldeko gogo indartsu batek, mugimendu aberats eta sortzailea ekarri zuen.

Jazarpenak jazarpen, euskarak eta euskaldunok hemen gara. Non dago gure biziraupenaren gakoa?
Lehen aipatu dudan atxikimendu horretan kokatuko nuke gakoa. Bestelako faktore batzuk badaude, noski, oso berandu arte iraun duen euskal gizartearen konpartimentazio soziala esate baterako, edo elementu erdalduntzaile indartsu batzuk gure historian nahikoa berandu agertu eta orokortu izana (eskola, industria, soldaduska armada atzerritarrean egin beharra…). Horiek agertu eta indartu zirenean, asko azkartu zen euskararen galera. Biziraupenaren giltza, ordea, nik nagusiki euskararekiko atxikimendu horretan kokatuko nuke: kulturala, ideologikoa edo politikoa batzuetan, eta naturala eta inertziazkoa beste askotan.

Liburua ez da dendetan erosgai egonen. Nola eskuratu ahal izanen da?
Fundazioaren liburu monografiko eta mardul horiek fundazioaren babesleek jasotzen dituzte. Harpidetza sistema da fundazioaren funtzionatzeko sistema eta proiektu garrantzitsu honi egonkortasuna ematen diona, eta harpidetza egitea da, horrenbestez, liburua eskuratzeko bidea.
Euskal Memoriaren Fundazioa:  www.euskalmemoria.com/


Euskal antzerkia Nafarroa Garaian: underground
Aitor Txarterina. Antzerkigilea

Hemen aipatuko direnak erabat subjektiboak izanen dira, doike, eneak direlakotz. Errealitatea den bezala islatzen ahaleginduko niz, bertzalde. Horretarako, barneko soziologo ttipia ernatu dut, lozorrotik atera, eta traje ajatu baina bizarra egin berria karrikara egin dugu jauzi, antzerkia hemen zertan datzan ikus dezagun. Goazen, lagun.

Oztopo ilara
Errealitatearekin topo egiten dugu, zentzu hertsian oraingoan. Oztopo, kalte, ezintasun, lehorte, mespretxu eta gaixotasun zerrenda eginen dugu, euskal antzerkiarekin zerikusia dutelakoan, eta egiari gogor atxikiak, mintzeraino.

Demografia
Nafarroan 600.000 lagun/etsai bizi gara, hor nonbait. Euskaldunak parte esanguratsu bezain ttipia gara. Lehen oztopo objektiboa: publiko urria izateko aukera garbia. Euskaldunak direnen kopuru handiena gazte edo haurren artean dago. Euskaraz taulara igotzen diren lan gehienak haurrendako dira. Normala, oso.

Vascuenceren legea
Demografiarekin loturik. Apartheid linguistikoak kalte izugarria egiten dio, oraino, euskarari. Eta euskal antzerkiari, bidenabar. Noiz programatu da, azken aldiz, Nafarroan sortutako euskarazko antzerki obra bat Tuteran helduendako? (galdera erretorikoa) Arrotzak gara etxean bertan. Ez naiz luzatuko honen karian.

Espainiaren eragina
Hainbat lege Madrildik datoz, galbahetik igaro gabe. BEZaren kudeaketa gobernu zentralistak dauka. Ezaguna da, arras, %21eko zerga ezarpenak ekoizpen kulturalean estatu espainolean sorturiko kaltea. Espainiako antzerkia hilzorian omen. Gure kasuan beti okerragoa denez, egin kontu. Gureak egin din/k.

Elite maitea
Gobernu Nafarra ezin erran sozio, lagun edo gertukoa izan denik, badenik. Kontrakoa bai. Euskal kultura nola desagerrarazi jo eta su ari dira makinatzen. Oztopo berriak eraginkorrago bilakatzeko, zentsurak nola ezarri, luzea da elite madarikatu horren katea, kaltea eta harra euskal dei genezake ororen kontra. Euskal antzerkia ez da anabasa horretan salbu. Esperpentoa lantzen dute gure kontra gupidagabeki, Valle-Inclanen zentzurik zuzenean.

Oinarrian, eskas
Espainiak, legedia eskuan, ez du antzerkia legalizatu, eskolan sartu ofizialki. Egoera alegalean dago lurralde osoan. Ados.
Nafarroan, zehatzago Iruñean, Escuela Navarra de Teatro dugu. Sekula ez dute pentsatu ikasketa alegal hauek euskaraz ere eskaintzea, nahiz eta ikusi urtez urte ikasle kopuru gehiena euskalduna dela. Momentuz, escuela hori ez dugu lortu gurera erakartzen, maleruski.

Oinarririk ez dago, antzerkigintzan
Eskoletan, modu ordenatuan eta masiboki arte eszenikoak (antzerkia eta dantza) sartzen ez diren artean, nekez eginen dugu aitzinera. Oinarriaz ari gara. Uneotan ez dago plangintzarik arte eszenikoak lantzeko. Hauxe da egoera.
Zirkoa ere Orikainen dago, haizeteen aitzinean biluzik, baina osasuntsu eta erne. Zirkoan ere euskarak ez du leku berezirik. Aiene

Gizartea, mesfidati
Testuinguru honetan, zer pentsa lezake ama batek alabak erraten dionean artista nahi duela izan? Zehatzago, aktorea? Kontran paratuko zaio, oihuka hasiko zaio, akaso zaplastako konponezina emanen dio, izuturik.
Bertsolariek (Imanol Lazkanok errana) ospe txarra zuten; zurrutero koadrila, bizimodu ijitoso eta iluna, diru sarrera fidagarririk ez, eta abar. Trantze honetan gaude antzerkizaleok. Ezin prestigio pittin bat lortu. Aipatu ditudan oztopoek ez dute bat ere laguntzen, ez horixe.
Gizartea ez dago gertu, ene ustez. Antzerkiak ez du prestigio sozialik egun, berez. Telebistatik eroritako edozein mukizuk 500 laguneko areto bat betetzen ahal du. Kasu hauetan telebista ikusi nahi dute zuzenean, edo zer dakit nik. Antzerkia, orokorrean ez dago fokupean. Are guttiago hemen, Nafarroan.

Underground
Lur azpikoa da gure jarduna, bai. Metafora ongi datorkigu, orokorrean amateurra da euskal antzerkia Nafarroan, formatu ttipikoa, bai obraren tamainari, bai antzezle kopuruari dagokionez. Dirua ez dago gure alde, eta irudimena lantzeko joera dugu adibiderik garbiena. Sator lanetan ari gara, ezinbertzean. Klaseak ematen dira eskola batzuetan, obraren bat edo bertze estreinatzen da noiz edo noiz, bizirik gaude, argi dago, baina urruti, oso, errealitate normaldu batetik. Antzerkia baloratzen ez den heinean, legalizatzen ez den bitartean eta prestigioa lortzen ez den bitartean, gu batzea geratzen zaigu. Zaleak garenok, idazle, antzezle, jostun, dantzari, ikusle, txotxongilo egile, trapezista, musikari, eta batez ere, antzerki maite dugunok batu gaitezen eta mundu hobea amets dezagun, lur honek gehiegi sufritu duelako eta antzerkia, bere ahalmen izugarriarekin, botika ederra izan daiteke publiko egarrituarendako. Ea ba, has gaitezen. Altxa dadila teloia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude