2018KO IRUÑEKO EUSKARALDIA (I)

Karrikirin lanean hasi zen Amets Arangurenek, Euskaraldia ekimeneko koordinatzaileak,  lana antolatu eta memoria bat idatzi du.

Hementxe sarrera txiki bat.

“Lehen aldiz gauzatu da Euskaraldia ekimena euskararen lurralde osoan. Hizkuntza ohiturei astindua eman eta hauek aldatzeko helburuz ekin diote herritarrek Euskaltzaleen Topaguneak diseinaturiko egitasmoari. Topagunea 1996 urtearen bukaeran sortu bazen ere, euskara elkarteen oinarri izan zen euskararen aldeko gizarte mugimendua 80ko hamarkadaren erdi aldean hasi zen indartzen. Garai hartan sortutako mugimendua hitz eta kontzeptu berriak plazaratzen hasi zen: “Ez da nahikoa euskara jakitea. Iraungo badu, nonahi eta noiznahi erabili behar da”. Horretarako euskara elkarteak sortu ziren, euskaldunon bilgune.

Baina zer dira euskara elkarteak? Helburu bera duten elkarteak dira:euskararen normalizazioa, hain zuzen. Hau da, Euskal Herrian, eta tokian-tokian, euskaldunek euskara erabili dezaten nahi dute, hala etxean nola gizarteko edozein esparrutan eta zeinahi eginkizunetan.

Euskara elkarteak jardun eremuak ezaugarritzen ditu. Familian, auzoan, lagunartean, herrian, lanean… normalizatu nahi dute euskara, lehenbizi; hots, pertsona bakoitzaren inguru hurbilenean. Horregatik, tokian tokikoak dira euskara elkarteak, herritar euskaldunek talde lanean sortuak.

Euskara elkarteek antzeko egitasmo eta jarduerak dituzte, betiere sortzen edo egituratzen diren lekuan euskarak duen egoerara egokituak. Hori guztia era programatuan egiten dute, hizkuntza gatazkarik sortu gabe eta gizarteak nahiz erakunde publikoek euskararen normalizazioan duten erantzukizuna eskatuz.

Euskara elkarteek eta Topaguneak euskaraz bizitzeko egitasmoak prestatu eta garatzen dituzte, euskaldunak elkartzen, euskaldun berrientzako erabilera programak egiten, hedabideen bitartez herri eta eskualdeko informazioa lantzen, haur eta gazteei aisialdirako euskarazko alternatibak eskaintzen, euskarazko kultur jarduerak antolatzen, herrietako elkarte eta erakundeekin hizkuntzaren erabilera sustatzeko hitzarmenak sinatzen…

Topaguneak euskara elkarteak sustatu eta beraientzako zerbitzuak antolatzen ditu, beti ere euskara elkarteen lana errazteko. Horrela, federazioaren zertarako behinenak dira kide dituen bazkunen esperientziak trukatzea, zerbitzu nahiz programa adostuak eta komunak osatzea eta elkarteen solaskide izatea, erakundeen aurrean.

Hori da Topagunea, euskara elkarteen federazioa, egunetik egunera hazten ari den espiral handi bat.

Informazio gehiago hemen.

Euskaltzaleen Topagunea da, hortaz, Euskaraldia izenarekin ezagutu dugun ekimenaren ideia garatu, diseinatu eta gauzatzeko oinarriak eta jarraibideak eman dituena. Baina Euskaraldiaren ideia ez da ezer ezetik sortu, aurretik gauzatutako antzeko ekimenetan oinarritzen da. Hauek dira, Topagunearen hitzetan, labur-labur, egitasmoaren nondik norakoak:

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburua da gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik.

Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal da.

Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:

– Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko.

– Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea.

– Inertziak apurtzea.

– Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea.

– Gizarte aktibazioa bultzatzea, ariketa kolektibo baten bidez.

– Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea.

– Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea.

Lehen Euskaraldia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatu da, Euskal Herri guztiko ehunka herritako milaka parte hartzailerekin.

Ekimenaren oinarria Euskaltzaleen Topaguneak osatu badu ere, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Elkargoaren elkarlanaz aurrera eramandako ariketa soziala izan da, baita hiri, herri zein auzo bakoitzean sortu diren herri batzordeen lanari esker lortu dena ere.

Egitasmoaren koordinazio lanetan aritu diren aipatu berriez gain, sustatzaile taldea ere izan du ariketak, horienarteanEuskaltzaindia,Kontseilua,UEMA,UEU,Berria,IkastolenElkartea,Elhuyar, AEK, Argia, Sortzen, IKA, ELA, EITB… ”

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude